Orratz-begia, 1936ko haur erbesteratuen egia

Xabier Lasa 2026ko martxoaren 21a

Juan Ramon Garai eta Julia Monje Jose Maria Arizmendiarrieta plazan, frankismoak Debagoienean eraildakoen omenezko eskulturaren aurrean.

1936ko kolpe militarraren eraginez Gipuzkoatik ebakuatu behar izan zituzten haurren oroitzapena islatzen du Basteron martxoaren 27an irekiko den “Orratz begia” erakusketak. Andoaingo haurrek espazio berezia edukiko dute erakusketan

Martxoaren 27an, 18:00etan egingo dute erakusketaren irekiera ekitaldia, eta harrezkero ikusgai egongo da apirilaren 30a bitarte. Erakusketaren bultzatzailea den Intxorta Kultur Elkarteko kideek irekitze ekitaldian hartuko dute parte. 

1936ko kolpe militarraren aurkako erresistentzian Frantzia, Belgika, Britainia Handia, Katalunia, SESB eta Amerikara ebakuatutako Gipuzkoako eta Andoaingo haurren ondarea biltzen du erakusketak, funtsean. Testuingurua historikoaz gain, identitateak eta oroitzapenak zaharberritzen dituzten argazkiak, testigantzak, dokumentuak eta objetuak ikusi ahal izango dira bertan.

Erakusketa, azken urratsa

Orratz-begia erakusketa Debagoieneko Intxorta kultur elkarteak 2019an ekin zion lanketaren azken urratsa dela oraingoz behintzat, esan daiteke. 

Izan ere, 2019an ekin zioten 1936ko kolpe militarra hasterakoan Gipuzkoatik erbestera ihesi joan behar izan zuten 0 eta 16 urte bitarteko ume eta gaztetxoen, eta baita ere, erbestean 1939a arte jaio ziren haurren memoria jasotzeari. Lehendik zeuden zerrendetako haurren biografiak aberasteaz gain, beste sei mila haur identifikatu eta bakoitzarekin fitxa pertsonalizatu bat atondu ahal izan dute geroztik. Horretarako, haur horien edo horien familiarren testigantzak (elkarrizketak, argazkiak, agiriak, gutunak…) eta Espainia eta Frantziako estatuetako, Txileko eta Belgikako makina bat artxibo izan dituzte informazio-iturri nagusiki. 

Intxorta elkarteko Juan Ramon Garaik eta Julia Mongek aitortu dutenez, “ezin daiteke bukatutzat eman bilketa-lan hori, oraindik ere zentsua hazten ari baitzaigu egunez egun”. 

Kursaalean, 2023ko martxoaren 18an gerra umeen oroimena aitortzeko eta aldarrikatzeko egin zuten ekitaldi jendetsua izan zen lanketa horren hurrengo urratsa; hasieratik halako proiektu erraldoi baterako ezinbesteko laguntzailea izan den Aldundiak eta Intxortak elkarrekin antolatu zuten ekitaldia. Mongeren hitzetan, “egundoko aitortza ekitaldia izan zen, hunkigarria! Ehunka pertsona bildu ziren, eta jakina, horietatik gonbidatu berezienak oraindik bizirik ziren ehundik gora "haur" izan ziren. Musika eta dantza ikuskizunek ederki dotoretu zuten ekitaldia”.

Handik laster, Gipuzkoako 1936ko erbesteratutako 10.500etik gora haurren zentsua eta bakoitzarekin egindako fitxa kontsulta-gai jarri zituzten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubide eta Kultura Demokratikoaren webgunean (www.gipuzkoa.eus/eu/web/gizaeskubideak/gerrako-umeak).

Urte baten buruan, 2024ko irailaren 19an, Arrasaten inauguratu zuten Orratz-begia erakusketa. Bertan izan zen, besteak beste, Emilio Truchuelo andoaindarra, erbesteko bidea hartu behar izan zuten ia ehun andoaindarretako bat. Gogoan izan behar dugu Udal artxiboak bultzatuta, 2014an egin zuten "Andoaingo haurrak erbestean" dokumentaleko protagonistetako bat izan zela Truchuelo,  bere anairekin eta Manoli Diez de Ure, Natividad Martinez eta David eta Joseba Barandiaran anaiekin batera (youtuben ikus liteke, “Andoaingo haurrak erbestean” idatzita). Egun, Andoaingo haur bakan batzuk baino ez dira bizi, Gipuzkoako gainerako herrietan bezalatsu.

Orratz-begia 

Alicia Garcia Bergua idazleak bere poesia batean darabilen metaforari heldu diote Orratz-begia izenburua jartzeko erakusketari. Erbesteratutako haurren alaba da Garcia, eta etxean bertan inspiratu zen Orratz-begia era metaforikoan erabiltzeko. Ulertze aldera, esan daiteke begiak direla iraganeko oroimena gordetzen duten haurrak; beren kontaketak historiaren oihalak bordatzen dituzten hariak dira, orratz-begien txulotik igarotzen direnak.

Bestalde, Intxorta Kultur Elkarteak hasieratik eduki zuen garbi erakusketa ez zuela testu, argazki eta dokumentuen erakusleiho informatibo hutsa izan behar. Bisitariari, informazioaz gain, zer pentsatua eragingo zioten emozioa, sentimendua, poesia… behar zituela eduki; eta halaber, begietatik sartzen den estetika zainduak ere garrantzia behar zuela eduki. Era horretan aisago transmititu zezakeela haur erbesteratu haien tragediaz eta tristeziaz beteriko ibilbidea.

Horrenbestez, formatu, estilo, material… desberdinetako osagaiek osatzen dute erakusketa. Tartean dira Josu Chueca historialariaren eskutik panelen bidez deskribatzen den testuinguru historikoa, Andoaingo haur erbesteratuen gaineko erreferentziak, Monica Jato Birminghameko unibertsitateko irakaslearen “Elkarrizketa amaigabea” izenburuko gogoeta iradokitzaileak transmisioaren gainean, edota, Judith Martinez Estrada artistak osatu duen “Oroitzapenaren erlauntza” izenburuko ekarpen bisuala eta sinbolikoa, testuen eta irudi iradokitzaileen arteko uztarketa artistikoa eginda.

Intxorta, bultzatzailea

"Egia, justizia, aitormena eta ez errepikatzeko bermeak” printzipio unibertsalari tinko eusten dioten hainbat herritarrek osatzen dute Intxorta Kultur Elkartea. Julia Monge eta Juan Ramon Garai dira horietako bi. 

Aitzindaritzat jo daitezke Gipuzkoan ez ezik, baita Euskal Herrian ere, erreparatzen badiogu, behintzat, frankismoaren biktimen gaineko memoria historikoak azken hamarkadetan bizi izan duen berreskurapen prozesuari.

Ehunka biktimekin partekatu dituzte memoriak eta bizi esperientziak, barreak eta malkoak; ehunka elkarrizketa egin dituzte hamarkadetan, eta asko grabatuta eta gordeta dauzkate hainbat formatutan (zinta casettean, super8n, zinta videocasete VHSn, CDan…) Artxibo ezin aberatsagoaren zaintzaileak ditugu, geure ezkutatutako historiaz jabetzeko.

Atzera begira jarri da Garai, Debagoienan azken hamarkadetan egindako lanketaren jatorrira, hain zuzen. “Jada 1984an, 1934ko iraultzan zapalduak izan ziren langile konprometituen oroimena gordetzeko, Oktubre Taldea osatu genuen unibertsitateko lau ikaslek eta bostok. Orduan udalean ziren EAJ eta PSEko agintariek ukatu egin ziguten dirulaguntza, ez zelako komeni herrian “zauriak irekitzea”, noiz eta juxtu kontrara, itxi gabeko zauriak sendatzen hasi nahi genuenean!”. Nolanahi ere, erakusketa antolatu genuen, eta jende mordoa etorri zitzaigun eskerrak emanez, hamarkadetan isilik edukitako oroimenaren zati bat behintzat plazaratzeagatik”. Urtetan aurrera, Arrasaten eta Debagoiena guztian giza-taldeak joan ziren biltzen egitasmora, eta mugimendua gorpuzten; besteak beste, fusilatuen eta gainerako zapalduen aldeko ikerketak eta aitortzako ekitaldiak ugaritzen joan ziren herriz herri. 

 

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 689 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!