Lanbide Heziketako Andoaingo II. Prest! Azokaren lehen eguna egin dute

Aiurri 2026ko martxoaren 16a

"Lanbide Heziketako familia desberdinak bertatik bertara ezagutzeko, zalantzak argitzeko eta gazteei etorkizun profesionala hautatzen laguntzeko" antolatu dute Andoaingo Lanbide Heziketako Prest! Azoka, udalak eta herriko LHko hiru ikastetxeek, La Salle Berrozpe, ESCIVI eta Leizaran Institutuak Basteron, martxoaren 16 eta 18an. Gaur, astelehenarekin, lehen eguna egin dute. argazki-sorta eta bideoa, ikusgai:

Asteazkenean Azokaren bigarren eguna izango da.

Azokan jarritako standetan, irakasleek eta ikasleek zikloen edukiak, praktikak eta lanbide-irtenbideak azaltzen dituzte, eta bisitariek orientazio pertsonalizatua jasotzeko aukera dute. 

Erantsita doan bideoan, Uxue Iruretagoiena (Leizaran Institutua), Xabi Garin (La Salle Berrozpe) eta Iban Cortes (ESCIVI) irakasleen azalpenak biltzen dira.

 

Mahai-ingurua, ikusgai

Lehen egunean, arratsaldean, “Etorkizuna diseinatzen: LH, aukeraz beteriko bidea” izenburua zeraman mahai-ingurua egin dute Bastero Kulturgunean bertan. Bost hizlariek hartu dute hitza bertan: Maria Meijide Hezkuntzako ikuskari buruak, Maite Lizartza Hezkuntzako ikuskariak, Natalia Gaston iTlent-eko (LHko Talentuaren Euskal Institutua) ikertzaileak, eta, Joanes Agirre eta Oier Urkola LHko ikasle ohiak.

Mahai-ingurua, osorik, ikusgai jarri dute Andoaingo Udalaren web orrian nahiz ESCIVI ikastetxearen kanalean.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!