"N1eko protesta oso lasaia izan da, Ertzaintzak agerpena egin duen arte"

Jon Ander Ubeda 2026ko martxoaren 17a

Euken Villasante andoaindarra LAB sindikatuko ordezkaria eta Greba Orokorreko batzordeko kideetakoa da. Grebaren jarraipena, N1 errepidean izan den protesta eta arratsaldeko manifestazioa hizpide izan ditu Makaldegian, Donostiako manifestaziora abiatu aurretik.

Zein da egiten duzuen lehen balorazioa?

Oso balorazio positiboa egiten dugu. Industriguneetan oso mugimendu gutxi zegoen. Orokorrean, fabrika gehienak geldirik daude. Zoriondu nahi ditugu ostalariak eta herriko merkatariek gehien-gehienek bat egin dutelako greba deialdiarekin. 

N1-eko protestan izan zara eta hango liskarren bideoak hedabideetan zabaltzen ari dira. Zer da, zuen ikuspegitik, bertan gertatu dena?

Desobedientzia zibilari loturiko protesta izan da, oso lasai joan dena. Bertan ginenak oso lasai geunden baina, egia esan, Ertzaintza inguratu denean ero moduan hurbildu zaizkigu. Ikusten da, akaso, kargatzeko aginduren bat zutela eta, egia esan, kargatu dute. Bi zauritu daude, tartean adineko pertsona bat. Protesta ekitaldian gazte asko zegoen baina baita heldu asko ere. Horrela ibili behar izatea tristea da.

Greba Orokorraren aldarria hedatu da?

Iruditzen zaigu, orokorren, jendeak ulertu duela zein den gaurko aldarria. Eta, alde horretatik, emaitzarekin oso pozik gaude. Hemen erabaki nahi dugulako 1500 euroko soldata minimoa eta eskatu nahi diogu bai Eusko Legebiltzarrari zein Nafarroako Gobernuari hitz egitera eser daitezela bertako SMI edo gutxieneko soldata ezartzera.

Andoainen, arratsaldean, manifestazioa deitu duzue.

Mobilizazioak egiten ari dira eskualde osoan, Hernanin, Urnietan.… Andoainen manifestazioa izango da arratsaldeko 18:30etan Goikoplazatik abiatuta. Zumea plazan amaituko da eta bertan adierazpena irakurriko dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!