Manifestazioaren amaierako adierazpena

Aiurri 2026ko martxoaren 17a

"Gaurko greba orokorrak garaipen berrien atea irekitzeko balioko du: gutxieneko soldata hemen erabakitzea ehunka mila langileren diru sarreretan zuzenean eragin dezakeelako, eta baita gu guztion bizitzetan ere", adierazi dute manifestazioaren bozeramaileek.

Manifestazioaren amaierako adierazpena:

"Andoainen ere gutxieneko soldata propioa eta bizitza duinen alde! 

Ez dira garai errazak langile eta herri sektoreontzat. Egunero darabilgun hiztegian krisi hitza ageri zaigu. Krisi ekonomikoa, politikoa, soziala, ekologikoa, zaintza lanena. Mundua hankaz gora jarria du sistema kapitalista heteropatriarkal, ekozida eta arrazistak; joera autoritario eta faxistak hedatuz, gerra inperialistak eraginez, pobrezian eta prekarietatean sakonduz. Aberatsak aberatsago, boterea geroz eta esku gutxiagotan eta langile sektore geroz eta gehiago bazterrean. Emakumeok*, gure sorterria utzi dugun pertsona migratuok, arrazializatuok, aniztasun funtzionala dugunok, gazteok edo sexu-genero disidenteok kapitalaren ofentsibaren jopuntuan gaude. 

Greba Orokor eguna dugu gaur Euskal Herrian, patronalak eta agintari politikoek itxi nahi dituzten ateak irekitzeko. Soldatek erosahalmena galdu dute, eta prezioek goraka jarraitzen dute; 300.000 langilek baino gehiagok dute 1.500 euro baino txikiagoa den soldata. Inork ez du nahi, lana gogor egin ostean, miseriazko soldata bat jaso eta bizi proiektua garatzeko estu ibili. Guk ez dugu nahi Euskal Herrian inork bizitza duinerako nahikoa diru sarrera ez izatea. Horregatik da garrantzitsua, besteak beste, gutxieneko soldata hemen erabakitzea, 1.500€-ko gutxieneko soldata ezartzea. Lortu arte borrokan jarraituko dugu! 

Gure eskualdean asko gara errealitate honi aurre egiten diogun kolektibo, mugimendu eta pertsonak. Gaurkoan, indarrak bildu ditugu eta greba batzordeekin batera buru-belarri aritu gara gutxieneko soldata propioa hemen erabakitzeko aldarria zabaltzen. Pertsona guztiei diru sarrera duinak bermatzea desberdintasun sozialei aurre egiteko eta aberastasuna banatzeko nahitaezko osagaia da, justizia sozial kontua da. 

Greba Orokorra,langileok dugun tresna indartsuenetakoa da. Lantokietan planto egiten dugu. Ekoizpena gelditu eta gure lanetik etekinik ateratzea ekiditen dugu. Borrokan ikasi dugu, gainera, begirada gehiago zabaltzen: badirelako langile batzuk greba egiterik ere ez dutenak edo oztopo handiak dituztenak. Haiekin batera eta haiengatik ere egin dugu bat milaka eta milaka langilek Greba Orokorra. 

Gurea elkartasuna da. Gutxieneko soldataren alde egindako ibilbideak ekarri gaitu greba deialdira, baina bizi dugun testuinguruak hamaika arrazoi gehitzeko aukera ematen digu. Etxebizitza prezioek gora egiten jarraitzen dute, zerbitzu publikoen eraispen isila eta etengabea bizi dugu; pentsioetan, soldatetan bezala, sexu-generok arrakala betikotzen jarraitzen du; eskubideen murrizketak justi katzen dituzte, krisi ekologikoa areagotzen ari da; eta langileok urtero gure lanpostuetan gaixotu eta hil egiten gara patronalaren utzikeria dela eta. 

Gaurko greba orokorrak garaipen berrien atea irekitzeko balioko du: gutxieneko soldata hemen erabakitzea ehunka mila langileren diru sarreretan zuzenean eragin dezakeelako, eta baita gu guztion bizitzetan ere. Zorionak goizeko lehen piketetik hasita, zuen lana eten eta kaleak hartu ditugun guztiei. Indar honekin garaipen berriak ez dira berandutuko. Lantokietan, kalean, etxean eta edonon, jarrai dezagun borrokan. 

Gutxieneko soldata propioa eta bizitza duinen alde. Gora langileon borroka!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!