[Adierazpena]

Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna

Aiurri 2026ko martxoaren 20a

Udal Musika Eskolako ikasleak, artxiboko irudian.

Datorren martxoaren 21ean ospatzen den Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Andoaingo udal-eragileek, alderdi politikoek eta hezkuntza eta gizarte-arloko ordezkariek gure ahotsa altxatzen dugu arraza-diskriminazio mota oro salatu eta irmoki gaitzesteko, baita giza eskubideen eta bizikidetzaren aurka egiten duten diskurtso, jarrera eta praktika xenofobo eta arrazistak gaitzesteko ere.

Lan-prekaritateak, etxebizitza duina eskuratzeko zailtasunek eta oinarrizko gizarte-eskubideen ahultzeak markatutako testuinguru batean, berresten dugu arrazakeriaren aurkako borroka bereizezina dela justizia sozialaren eta pertsona guztientzako
bizi-baldintza duinen defentsatik.

Arraza-diskriminazioa ez da iraganeko arazo bat: gaur egun ere presente dago, eta egiturazko adierazpen berri eta kezkagarrien bidez agertzen da. Gorroto-diskurtsoen hazkundea, arrazakeriaren normalizazioa eta zatitu, seinalatu eta baztertzen duten jarreren ugaritzea ikusten ari gara. Dinamika horiek areagotu egiten dira desberdintasun, prekaritate eta bizi-segurtasunik gabeko testuinguruetan, egoera ahulenean dauden pertsonen seinalamendua eta bazterketa elikatuz.

Arrazakeriak gogorren jotzen ditu jada zaurgarritasun-egoeretan dauden pertsonak. Pertsona migratzaile askok lan-baldintza bidegabeak jasaten dituzte, bereziki oso prekarizatutako sektoreetan, hala nola zaintza- lanetan, ostalaritzan, eraikuntzan edo etxeko lanetan: neurrigabeko lanaldiak, soldata eskasak, ezegonkortasuna, eskubideen gabezia eta babes sozialik eza. Horri gehitzen zaio etxebizitza duina eskuratzeko bazterketa, etxebizitzetako pilaketa-egoerak, alokairu-abusuak eta zuzeneko diskriminazioak, desberdintasuna eta bizi-segurtasun eza areagotzen dituztelarik.

Bizikidetza kohesionatu eta bidezko baten oinarri nagusi gisa, enplegu duina, etxebizitza egokia eta gizarte-eskubide osoak eskuratzea defendatzen dugu. Arrazakeriaren aurka borrokatzeak prekaritatearen aurka borrokatzea ere badakar, eskubide eta aukera-berdintasuna bermatzea, eta pertsona bakar bat ere ez dadila diskriminatua izan bere jatorriagatik, azalaren koloreagatik edo egoera administratiboagatik. Gai horietan guztietan, botere publikoek eskubide-berdintasuna errazteko politikak egiteko betebeharra dute.

Hezkuntza gizarte-eraldaketarako ezinbesteko tresna gisa aldarrikatzen dugu. Funtsezkoa da adin goiztiarretatik hezkuntza-esparruan lan egitea. Ikastetxeak funtsezko espazioak dira aniztasuna normalizatzeko, segregazioa prebenitzeko eta bizikidetza sustatzeko. Haurtzarotik haurrak inklusioan heztea ardura kolektiboa da. Gaur egun Andoainen hazten diren neska-mutilek giza eskubideak, berdintasuna, justizia eta tolerantzia sustatzen dituen ingurune batean haztea bermatu behar dugu; eta aurreiritziak zalantzan jartzen, estereotipoei aurre egiten eta aniztasuna aberastasun gisa –eta ez mehatxu gisa– baloratzen irakatsiko dien ingurune bat bermatu behar da.

Andoainen, 2022tik, Udalaren Kultur Aniztasunaren Plana dago indarrean, inklusioaren alde eta arrazakeriaren aurka ekintza kolektiborako ildoak ezartzen dituena. Ildo horretan aurrerapauso ugari eman dira, eta maila instituzionalean ekintza-esparru honetan lanean jarraitzeko konpromisoa dago, bizikidetza sustatzeko helburuarekin.

Andoain udalerri anitza, plurala eta giza eskubideekin konprometitua da eta izango da. Aniztasun etnikoa, kulturala eta jatorrizkoa aberastasun kolektiboaren iturri eta gure bizikidetzaren oinarrizko zutabea da. Horregatik, sinatzaile garen eragileak arraza-diskriminazioaren aurka modu irmo eta etengabean jarduteko konpromisoa hartzen dugu, borroka hori gure politika, programa eta praktiketan zeharka txertatuz, eta lana, etxebizitza, hezkuntza eta zerbitzu publikoak bezalako eskubideetarako sarbide unibertsala defendatuz.

Gaur, martxoaren 21ean, ez dugu data bat soilik gogoratzen: jarrera politiko eta etiko argi bat berresten dugu. Ekintza, diskurtso eta gertakari arrazista guztiak gaitzesten ditugu, eta erakunde, elkarte eta herritar gisa, errespetuaren, berdintasunaren eta bizikidetzaren defentsan paper aktiboa betetzeko konpromisoa hartzen dugu, elkarrekin Andoain hobeago, bidezkoago, inklusiboago eta arrazakeriarik gabeko bateruntz aurrera eginez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!