Ama Kandidan eraikiko dituzten 70 etxebizitza tasatuetarako izen-ematea zabalik dago

Aiurri 2026ko martxoaren 18a

Artxiboko irudia.

Esleipena Etxebidek ezarritako prozedura eta irizpideen arabera egingo da, baldintzak betetzen dituzten etxebizitza-eskatzaileen artean.

Andoaingo Udalak zabaldutako oharraren arabera, 70 etxebizitza tasatu (VPT) eskuratzeko prozeduran izena emateko epea zabalik dago: "Sustapena etxebizitza eskuragarriagoa sustatzeko helburua duten etxebizitza politika publikoen barruan kokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebide etxebizitza zerbitzu publikoaren bidez kudeatzen da".

Horretarako, ezinbestekoa izango da interesdunek Etxebideko etxebizitza eskatzaileen erregistroan izena emanda egotea eta deialdian zehaztutako baldintza ekonomiko eta administratiboak betetzea. Interesa duten pertsonek 2026ko martxoaren 31ra arte izango dute izen-ematea egiteko aukera. Eskabidea Etxebideren bidez egin beharko da, horretarako ezarritako prozeduraren bidez. Andoaingo Udaletik azpimarratu du: "sustapena aukera garrantzitsua da herritar askorentzat, bereziki etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat, prezio tasatuko etxebizitza bat eskuratzeko aukera eskaintzen duelako. Horregatik, Udalak herritarrei dei egiten die sustapen honen inguruko informazioa kontsultatzera eta, interesa izanez gero, ezarritako epearen barruan izena ematera".

Etxebizitzen xehetasunak:

  • 11 etxebizitza
    3 logela eta 2 komunekoak (84,69m2 eta 85,34m2 bitarteko azalera erabilgarrikoak).
  • 56 etxebizitza
    2 logela eta 2 komunekoak (65,74m2 eta 69,88m2 bitarteko azalera erabilgarrikoak.
  • 3 etxebizitza egokitu
    2 logela eta komun 1ekoak (83,10m2)

Etxebizitzen prezioa (BEZik gabe):

Etxebizitza hauetan BEZa %10ekoa da.

  • Etxebizitza txikiena garaje eta trastelekuarekin: 224.250,14 €
  • Etxebizitza handiena garaje eta trastelekuarekin: 270.922,21 €
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!