Gogoratu behar da familiaren aldeko bigarren epaia dela horixe; 2025eko maiatzean, Donostiako Epaitegiak ere familiaren alde egin zuen, baina Osakidetzak errekurtsoa jarri zuen orduan.
16 urte betetzera doan Yeray mutikoa hesteetako malformazioarekin jaio zen eta horrek normaltasunez haztea eragozten dio. Hazkunde hormonak behar zituen mediku espezialisten iritziz.
Donostia Ospitaleko pediatria-endokrino saileko profesionalen oniritzia eduki arren, Osakidetzako zuzendaritzak 2023ko ekainean, erakundeko aholkulari-batzordearen balorazioa kontuan hartuta, erabaki zuen gazteak ez zituela betetzen baldintzak bere gain har zitzan tratamenduaren kostuak.
Gauzak horrela, osasungintza pribatutik ekin zion tratamenduari familiak; beren poltsikotik egitea aurrera gastuei, Donostia Poliklinikan. Aldi berean, familiak demanda jarri zion Osakidetzari, tratamenduko gastuak eskatuz. Iazko maiatzaren 7an, Donostiako epaitegiak arrazoia eman zion. Epaiak mediku-gastuak ordaintzera zigortu zuen Osakidetza; ia bost mila euro ordaindu behar zizkiola zehaztu zuen epaiak, hain zuzen.
Nolanahi ere, Osakidetzak epai horren aurkako errekurtsoa jarri zuen orduan, eta hari erantzunez dator otsailaren 10eko azken epaia. Justizia Auzitegi Nagusiko epaileek -Donostiakoaren gainetik dagoen organoa da EAEko hauxe- arrazoia eman diote Yerai Rodriguez Martin familiari, esan bezala.
Epaia jakitera eman zenetik legez ezarritako epea igarota, alderdietako inork ez zuenez errekurtsorik aurkeztu, epaia irmoa dela deklaratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, joan zen martxoaren 4an.
Azken batean, epaiak bat egin du Donostia Ospitaleko pediatria-endokrino saileko profesionalen eta Poliklinikako profesionalen txostenekin, Yerairen kasuak ez dituela “baztertua izateko irizpideak betetzen” alegia.
“Merezi izan du borroka egitea”
Patricia Martin eta David Rodriguez Yerai mutikoaren gurasoak oso pozik agertu dira epaiarekin. “Borrokatuz gauzak lortu daitezkeela erakusten digu epaiak”, adierazi du Martinek irmotasunez. “Merezi izan du justiziazkoa iruditzen zaizun kausa baten aldeko jarrerari eustea, ze beti ez bada ere, batzuetan David eta Goliathen arteko historia errepika daiteke”.
Otsailaren 10eko epaiak errekurtsoa jartzeko aukera irekita utzi zuen, eta hargatik, egun batzuk itxaron behar izan zuten alaitasuna publikoki zabaldu aurretik. “Zalantzak geneuzkan Osakidetzak kontrako pausoa emango ote zuen ala ez. Arrazoi bat baino gehiagorengatik. Izan ere, batetik, bere esku baitauzka guztionak diren errekurtsoak (ekonomikoak, abokatuak...), eta halako kausak oso merke ateratzen zaizkio ikuspegi ekonomikotik. Bestalde, bere jarrerak hasieratik eman digu bidea pentsatzeko erakunde horretan egon zitekeela baten bat begian hartuta zeukana gure kasua; eta are gehiago, zergatik ez, pentsa zezakeen Osakidetzaren kaltegarria izan zitekeela, kontrako sententzia batek aurrekaria edo jurisprudentzia sor zezakeelako, eta horrek bidea ireki zezakeelako atzetik demanda gehiago aktibatzeko...”.
Epaiak prozesuaren kostuak Osakidetzaren bizkar jarri izanak ere harridura eragin diela gaineratu dute. “Izan ere, abokatuak esan zigunez, kostak demanda egilearentzat izaten dira normalki, antzeko kasu hauetan”. Epailearen erabaki hori modu bakarrean interpretatu behar duela uste dute: “epaileek belarri-tiradizoa eman nahi izan diotela Osakidetzari, alegia”.
Gauzak horrela, epaileek Osakidetzari emandako agindua hurrengo egunetan betearaztea, tramite administratibora mugatuko dela uste du bikoteak.
Zehaztu dutenez, garestitzen joan da tratamenduaren gastua emanaldi bakoitzeko, denbora horretan. Ia 16 mila euro gastatu dituzte, hormonen hazkunderako farmakoaren eta tratamendua beraren artean.
Era horretan, Yeraik hazkunde-hormonen tratamenduari helduta bizi izan da azken bizpahiru urtetan, joan den azarora bitarte. “Yerairen eboluzioaren segimendua egin duten medikuek esana digute hartu beharrekoak jada hartu dituela, hemendik aurrera ez diotela eraginik egingo, arrazoi biologikoengatik eta adinagatik nerabetasunaren atarian dagoelako”.
Emaitzak oso baikorrak izan direla adierazi dute, 1,39 metro neurtzera iritsi baita, eta 34 kilo dauzka. “Tratamendurik ezean, ez zen neurri fisiko horietara iritsiko”.
Eskertza, askorentzat
Bizpahiru urteko ibilbide judizialean murgil zitezen, zenbait pertsonen babesa jaso dutela gogorarazi dute Rodriguezek eta Martinek.
Osasungintzan ibilbide luzea egindako IÒigo Jaca aipatu dute lehenbizikoz. Donostiako Arantzazu Erresidentzia Sanitarioko zuzendaria (1983-1986), Arantzazu Ospitaleko gerentea (1986-1988), Gurutzetako Ospitaleko Zuzendari gerentea (1988-1991) eta Donostiako Institutu Onkologikoko zuzendari nagusia (1991-2009) izan zen Jaca. “Herritarren eskubideen alde jokatu zian dut beti erakundeen gainetik, eta oraingoan, ezinbestekoak izan dugu bere aholkularitza, behar ziren tramiteak eta eraman beharreko pausoak nortzuk ziren jakin genitzan; berak emandako animozko babesa ere ezin dugu ahantzi” adierazi dute.
Oscar Padura abokatuak defendatu du Rodriguez Martin familiaren demanda epaitegietan, eta esker oneko sentitzen dira berarekin. “Jacak jarri gintuen harremanetan abokatuarekin. Barruak mugiarazi zizkion gure kasuak Padurari, eta modu altruistan defendatuko gintuela agindu zigun. Lehen ere gaixotasun berezia zeukaten haurrak artatzeko protokolo bat ezartzea lortu zuen epaitegietan, eta bazeukan eskarmentua alde horretatik. Hasieratik adierazi zigun zaila geneukala kausa irabazteko, baina saiatu behar ginela”.
Biek gogorazi dutenez, laguntza ukatu zietenetik makina bat eskaera eta erreklamazio egin zituzten, eta ondoren etorri zen bide judizialari ekitea, demandaren eskutik. “Hasiera batean, alboan utzi genuen gastuak ordaintzeko eskatuz demandaren aukera; nahigo izan genuen familiaren gastu ekonomikoa Yerairen tratamenduarengana bideratu. Izan ere, bata ala bestea planteatu zitzaigun une jakin batean, eta argi eduki genuen Yerairen osasunak zeukala lehentasuna”.
Horrela, tratamenduarekin jarraitzeko erabakia hartu eta hilabete batzuetara heldu zitzaien abokatuaren laguntzaz demanda jartzeko aukera. “Gure kasa ezin ahal izango genuen kontratatu arrazoi ekonomikoak zirela-medio, baina borondatez etorri zitzaigun, eta benetan eskertuta gaude berarekin, esan bezala”.
Era berean, oso gogoan daukate herrikideen aldetik jaso izan duten babesa. “Ez daukagu hitzik adierazteko zenbat eskertzen ditugun elkartasun keinuak. Ikaragarria izan da Andoaingo eta Lasarte-Oriako lagunek eta herrikideek erakutsi diguten eskuzabaltasuna; ez bakarrik bi herrietan antolatu zituzten ekitaldiengatik, baita ere, gurekin jartzen ari diren interesagatik eta ematen dizkiguten animoengatik; harrigarria da zenbat jende hurbiltzen zaigun Yerairen osasunagatik eta prozesu judizialagatik galdezka!”.
Iritsi diren lekura iritsita, jasotako esker oneko nola itzuli hausnartzen ari dira. Oraingoz ez daude ezer aurreratzeko moduan, baina badarabilte zerbait buruan. Dena delakoak festa giroarekin zerikusia izango duela, hori ziur daukate.
Yerairen bizi-kalitatea, etorkizunean
Yeraik 16 urte beteko ditu datorren apirilean, eta jada konta ezin ahala ebakuntza egin dizkiote. “Kontuan hartuta sabelean-eta egin dizkioten ebakuntza guztiak, oso modu trebean ari da eramaten prozesua. Kontziente da zer daukan, eta ahalik eta bizimodurik normalena egiten saiatzen da, heldutasunik handiarekin; badauka meritua! Ikastetxean saiatua da, eta eskolaz kanpoko ekintzei dagokionez, Jiu-Jitsu arte martziala praktikatzen du batik bat. Hedabideetan ateratzea egokitu zaio, pittin bat lotsatia da, baina jende helduak-eta kalean geratu eta galdetzen badio hau eta beste, edukaziorik handienarekin erantzuten die”.
Hesteetako malformazioarekin jaio zen Yerai, esan bezala. Hesteak ebaki eta josi egin behar izan zizkioten, eta horrek normaltasunez haztea eragozten dio. Horrenbestez, Nutrizio Parenterala (NP) izeneko aparteko laguntza aplikatzen zaio Yerairi, ezinbestean. Hitz gutxitan esanda, funtsezko nutrienteak (proteinak, karbohidratoak, koipeak, bitaminak, mineralak) odol-uharrean zuzenean ematean dantza formula hori; bena-kateter baten bidez eta traktu gastrointestinala saihestuz burutzen da ariketa hori.
Argi xamar ikusten du Yerairen etorkizuna zein izan litekeen, bikoteak: “Yerai aparteko mutikoa da osasunaren ikuspegitik; gastroenteritis arrunt bat jasan ezkero, aparteko tratamendua eta botikak behar ditu derrigor. Eta bestalde, ohiko tratamenduak ere ezin da denboran gehiegi luzatu; medikuek badakite hori, eta goiz ala berandu, sei-zazpi organoen transplantea erabakitzeko unea iritsiko zaio Yerairi, bere bizi-kalitatearen mesederako”.
Egoera berekoei laguntzea, begiz-jota
Demandak eragindako dinamika guztiak zein Donostiako EAEko epaitegien bi epaiek etorkizunari begirako bigarren gogoeta eragin die bikoteari. Martinek zehaztu duenez, “behin atzean utzita demanda judizialak eragindako buruhausteak, ekimenen bat martxan jartzeko gogoa piztu zaigu”.
Martinek gehitu dutenez, “Yerairekin gertatzen ari zen injustizia sozializatzea erabaki genuen bere garaian; esposizio publiko batera makurtu behar izan gara, eta ezagunak egin gara nolabait. Eta horretan, kontsultatzera etorri izan zaigu jendea, antzeko egoeran egon daitezkeen kasuak azalduz”.
Martinek sentimendu jakin batzuk sumatu izan ditu kontsulta horietan, “Osakidetza bezalako erakunde ahaltsuek aurrean ditugunean normalki sentitu ohi ditugun babesgabetasuna, ezjakintasuna, etsipena, errespetua edo beldurra...”. Egia esan, larrutan ikasi dugu zer den sentimendu horiekin bizitzea. Horrexegatik, urte hauetan pilatu dugun eskarmentua nolabait besteentzat baliagarri izan zedin nahi genuke. Ez dakigu nola, baina beharbada, laguntza elkarte bat sortzea izan liteke egokiena, antzeko egoera bizi dutenei bideratzeko ikasi dugun guztia”.