Udalhitz langile publikoen hitzarmena "edukiz betetzeko" eskatu dute LABeko kideek

Aiurri 2026ko martxoaren 27a

Andoaingo udaleko LAB sindikatuko hainbat kide Goikoplazan elkarretaratzea egin zuten atzo, “Udalhitzeko negoziazio mahaira edukiak ekarri ditzaten” exijitzeko. Iragarri zutenez, “aurrerapausorik ezean apirilean lanuzteekin eta mobilizazio dinamikarekin” jarraituko dute.

29 udaletxeen aurrean mobilizatu ziren atzo, LAB sindikatuko kideek atzoko bilkuran adierazi zutenez. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udal eta toki-erakundeetako langile publikoen lan-baldintzak arautzen dituen Udalhitz hitzarmenaren negoziazio mahaira “edukiak eramatea eskatzen diete alderdi politikoei.

Udalhitzen negoziazioa blokeatuta dagoela eta azarotik ez dago aurrerapauso nahikorik adierazi zuten elkarretaratzean, eta “gainera, EAJk ez du gehiengo sindikalak babesten dugun EH Bilduren euskararen proposamenarekin aurrera egin nahi”.

Gehitu zutenez, “otsailaren 26an mobilizazio dinamikari hasiera eman genionean adierazi genuen EUDELek mahaian aurkeztuko zituen proposamenen eta alderdi politikoen negoziatzeko borondatearen arabera baloratuko genuela mobilizazioak areagotzea. Bada, uste dugu gaur gaurkoz negoziatzeko borondate gutxi dagoela eta bileraz bilera luzamenduetan ari direla”.

LAB sindikatuaren iritziz, martxoaren 13an burutu zen zazpigarren mahai negoziatzailean berretsi zen “Udalhitzen negoziazioa blokeatuta dagoela eta EUDELen lehendakaritza duen EAJk ez duela gehiengo sindikalak babesten ditugun edukiak mahaian jartzeko borondaterik, eta ondorioz, azarotik ez dagoela aurrerapauso nahikorik”.

EUDELek gai ezberdinen inguruan langileei aurkeztu dizkien proposamenak “oso orokorrak” direla uste du LABek, “konkreziorik eta epe zehatzik gabekoak eta horietako gauza batzuk gainera, onartezinak dira. Esaterako, udalek absentzien plan bat izatea absentismoari buruz patronalek duten mezua erosiz eta ordezkari sindikalekin negoziatu gabekoa izatea. Negoziazioek aurrera egin ahala, ez da ia konkreziorik egon eta sindikatuok gaitzetsi dugun absentzien plana ez dute proposamenetik kendu”.

Euskararen gaiarekin ere kritiko azaldu da sindikatua, “gehiengo sindikalak babestu dugun EH Bilduren proposamena baztertzen du EAJk eta PSEren eskutik adostu duen proposamena inposatu nahi digu. LABetik adierazi diogu euskararen auzia lehentasunen artean kokatzen dugula eta guretzat ezinbestekoa dela. Negoziazioak aurrera egiteko LABetik egin dugun proposamenari ezezko borobila eman dio EAJk aitzakia gisa parlamentuko eztabaida jarrita”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!