KORRIKA

Korrikaren altxorretakoa aurki daiteke Andoaingo Udal Liburutegian

Xabier Lasa 2026ko martxoaren 27a

Mikel Lertxundik egindako eskultura, Udal Liburutegian.

Martin Ugalde idazle andoaindarra omendu zuen 1993ko Korrikak. Berak eraman zuen lekukoa azken kilometroan, Bilboko kaleetan. Antolatzaileek eskultura bikaina eman zioten, oroigarri gisa, eta egun Andoaingo Udal Liburutegian dago ikusgai.

Korrikako antolatzaileek Ugalderi egin zioten merezimenduzko omenaldian, Berriatuko Mikel Lertxundi eskultoreak egindako eskultura bikaina eman zioten, oroigarri gisa. Lekukoa elkarrekin daramaten bi esku sinbolizatzen ditu eskulturak. Materialari dagokionez, Markinako harri-beltza deituriko kareharria eta egurra uztartzen ditu eskulturak.

Korrikaren 8. edizioa martxoaren 26an Iruñean hasi eta apirilaren 4an Bilbon amaitu zen, eta Martin Ugalde kazetari eta idazle andoaindarra izan protagonista nagusia urte hartan, esan bezala. Berari eskaini zioten Bilbon lekukoa eskuetan eramateko ohorea, azken kilometroan. 

Martin Ugalde bilobarekin, Bilbon, Korrikaren 8. edizioaren azken kilometroa egiten (Argazkia: Marisol Ramirez, Euskaldunon Egunkaria).

“Denok maite dugu gure herria euskaraz” leloa hartu zuen Korrika 8. edizioak eta Tapia eta Leturiak sortutako “Aide Korrika” abestiaren doinupean aritu ziren tipi-tapa tipi-tapa korrika milaka eta milaka euskaltzale Iruñetik Bilbora bitarte. 

Ugalde eta Udal Liburutegia

2010ean, Andoaingo Udalak Ugalde Martinez familiak dohaintzan emandako funtsa hartu zuen beregain, eta, baita ere, besteak beste, makina bat liburu, dokumentu eta objetu historikoez gain, liburutegian ikusgai dagoen eskultura ere.

Orduko hartan, udalbatzak bi erabaki hartu zituen, Martin Ugalderen izena jartzea etorkizuneko udal liburutegiari, eta, liburutegi horretan aparteko lekua ematea haren funtsari. 

Zumalabek idatzitako mezua

Joxemi Zumalabe Goenaga kazetari eta euskalgintzako eragile handia izan zen lekukoak Euskal Herriko errepideetan barrena gordeta eraman zuen mezuaren egilea, eta amaieran, Martin Ugaldek Bilbon irakurri zuena. Zumalabe egun batzuk lehengo, urtarrilaren 12an hil zen, eta familiari ere omenaldi hunkigarria egin zioten edizio hartan. Hona mezuaren edukia:

“Hemen, euskaldun ez diren denak ez dira etorkinak, euskara galdu duen herriaren zati handi bat badago, deseuskaldunduak dira gure artean gehiengo, eta, nolabait, horrek ere kultura sortzen du.

Euskal Herriko gizartea esparru desberdinek osatua dago –ez bi komunitatek–: etorkinak, bertako ez euskaldunak, euskaldunak, eta giza esparru horiek gurutzatzen dituzte beste batzuk, hala nola, txiroak, aberatsak, nekazariak, erruralak, urbanoak... Denok Euskal Herria osatzen badugu gaur egun, denek esan dezakete berena ere badutela euskal kultura. Baina hor errealitate mugatzailea, naziotasuna galtzen ari den herriarena da. Nazio izana zapaldua duen herriarena. Orduan, desnazionalizazioaren aurrean guk bultzatu behar dugun kulturak du garrantzia, euskararen inguruan sortutako kultura litzateke, hau da, nazio izateko behar den kultura. Kulturak ere bai baitu tresna izaera, gizarte batek bere egituraketa kontzienterako erabiltzen duen tresna. Eta alde horretatik geure apustua euskal proiektu nazionala bideratuko lukeen proiektu kulturaletik dator”.

Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran ezinbesteko izan ziren Joxemi Zumalabe eta Martin Ugalde, solasean (Argazkia: Argia Fototeka)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!