Zumea plaza eta inguruetako bizilagun askoren galdera errepikakor bilakatu zen: “Noiz itzuliko digute dirua?”. Galdera horri erantzuna emateko moduan da Andoaingo Udala, baina ez da izango azkar batean. Erakundeak ohar bidez eman du egoeraren berri: “Epaitegiak agindu du Udalak berak kudeatu behar duela diru-itzulketa prozesua. Dokumentazioa, ordea, ez da nahikoa lan hori guk nahi bezain azkar eta berehalakotasunez egiteko. Jasotakoa PDF fitxategi bakar bat da, ordainketak egin zituzten pertsonen izenak eta ordaindutako kopuruak jasotzen dituena, baina kontu-zenbakirik gabe”.
Hala, talde teknikoa lanean jarri dute ordainketa egin ahal izateko eta, aurreratu dutenez, “aste batzuk barru hasiko gara itzulketak egiten”.
Ordainketarekin ez da amaituko prozesua
Andoni Alvarez Lete alkateak plenoan adierazi zuen lehentasuna dirua itzultzea zela eta, lehenik, zeregin horri ekingo diote. Prozesuari, halere, formalki amaiera eman behar zaio eta Construcciones Amenabarrekin zegoen auzia erabat ixteko Jabetza Erregistroan idatziz ageri dena eguneratu behar da. Hogeitik gora urte luzez iraun duen erreklamazioa Jabetza Erregistroaren agiritegitik desagerrarazi behar da, beraz.