[In Memoriam]

Ixak Carrasco Carvajal, Palestinaren aldeko eta genozidioaren aurkako ekintzailea

Aiurri 2026ko martxoaren 29a

Iazko irailean ateratako argazkia, Espigoian.

Ixak Carrasco Carvajal (37 urte) sortzez Zaragozakoa zen baina urteak eman zituen Euskal Herrian. Andoaingo gizarte bizitzan murgildu zen, bereziki, Palestinaren alde eta genozidioaren aurka. Andoaingo BDZ taldeko kideetakoa zen eta bart hil da auto istripuan.

Ezbeharra Arrasaten izan zen, 14:30ak aldera, GI-627 errepidean, bi autok talka egin ostean. Autoetako bat Ixak gidatzen ari zen eta istripuan bertan zendu zen. Bestearen gidaria zauritu eta Arrasateko ospitalera eraman behar izan zuten. Albistea irakurgai dago Goiena tokiko hedabidean.

Ekintzailea

Palestinako askatasunaren, justiziaren eta berdintasunaren aldeko mugimendua da BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta Ixak bertako kidea zen. Iazko Irailean, esaterako,  Global Sumud Flotillaren aldeko elkarretaratzea eta manifestazioa egin ziren Andoainen. Amaierako adierazpena irakurri zuen bozeramaileetakoa izan zen Ixak.

Carrasco eta Iturriondobeitia, iazko irailean. Epigoian adierazpena irakurri zuten.

Korrikaren lekuko-eramailea

Aste honetan bertan, Andoain-Urnieta arteko tartean Andoaingo BDZ taldeak Korrikaren lekukoa eraman zuen. Bada, argazkian lekukoa eramaten ageri dena Ixak da.

Ixak lekuko-eramailea Korrikan, astearte goizean ateratako argazkian.

Kolpe handia taldekideentzat eta lagunentzat

Gazte hil da eta hori beti da kolpe handia ingurukoentzat. Andoainen ez ezik, beste hainbat kolektibotan kolpe handia izan da Ixaken heriotzaren albistea. Lagunartean, sentipen eta adiera goxo asko etorri zaizkie burura. Aiurrik jaso ditu haietako batzuk. Goxoa, alaia, leiala, borrokalaria... gure laguna, halaxe definitu dute ingurukoek. Bizipozez betea eta lagunkoia, halaxe gogoratuko dute Ixak. Maitez eta minez, umorea galdu gabe, izenondo gehiago aintzat hartu dituzte heriotzaren albistea jaso berritan: expañol, euskal mañoa, patateroa... Pertsona maitagarria izan zen gertutik ezagutu zutenentzat. 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!