Euskarazko lehen polizia-nobelatzat jotzen den "Amabost egun Urgain’en" izango dute hizpide

Aiurri 2026ko apirilaren 8a

Jose Antonio Loidi Bizkarrondo errenteriarrak 1955ean idatzi zuen Amabost egun Urgain’en eleberria hartuko hizketagai literatur zaleek Literatura Solasaldia ekimenean, apirilaren 28an, Udal Liburutegiak antolatuta. Ane Mayoz izango da solasaldiaren moderatzailea, ohi denez.

Ekimenean parte hartzeko gonbitea luzatu die irakurzaleei Udal Liburutegiak, eta horretarako, Erein argitaletxeak 2023an kaleratu zuen alea jarri du eskura edonok har dezan, liburutegian.

Jon Alonso idazlearen hitzaurrea daraman edizioa kaleratu zuenean honako oharra zabaldu zuen argitaletxeak, liburua 1955ean idatzia zela kontuan izanik: “gaur egungo irakurleek arazorik gabe irakur dezaten finkatu nahi izan dugu 1955eko testua, Loidiren eta gure hizkuntzaren orduko doinua eta kolorea galdu gabe, ordea”.

Jon Alonsok berak eta Uxue Razquin Erein argitaletxeko ordezkariak 2023ko maiatzaren 31an egin zuten aurkezpena, bideoz, ikusgai, hemen.

 

Lehen euskal detektibea

Garaidi lehen euskal detektibea du protagonista nobelak, eta Urgain herrian gertatutako hilketa ikertu beharko du. Hala dio liburuaren sinopsiak: “Urgain bezalako herri baketsuetan ere gertatzen baitira gauza ikaragarriak. Galde diezaiotela, bestela, Txomini, kanposantuko arduradunari: hildako bat lurperatzeko prestaketak egiten ari dela, tiro baten hoska ikusi dio aspaldi hobiratutako emakume bati! Nork egin zion tiro? Garaidi izeneko gazte batek hartuko du bere gain ikerketaren ardura”.

Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta idazleak liburuaren gainean honakoa adierazi zuen bere garaian: «Pertsonak ederki ikusten ditu [egileak], bai barrendik eta bai kanpotik; nork bere bizia du, berez ari dira eta berez mintzatzen, inork behartu gabe. Badaki gertakariak bata besteari josten eta, hori aski ez dela, ederki –arin, zorrotz eta biziro– ematen dizkigu aditzera».

 

Loidi eta bere nobela, bide urratzaileak

Berarekin dauzkan literatur balioengatik ez ezik, euskal nobela beltzaren generoan bide urratzailea izan zelako nabarmendu izan da Amabost egun Urgain´en. Jose Antonio Loidi.

Izan ere, 50eko hamarkadan oztopo ugari gainditu behar izan zituen liburua sortzeko eta kaleratzeko: besteak besteak kontuian hartzekoa dira XX. mendearen lehen hiru hamarkadetako euskal idazleen belaunaldia 1936ko kolpe militarraren eta frankismoaren eraginez desagertua (erailak, atzerrian...) zela, eta, polizia-nobelarekin lotutako euskal prosaren erreferentziarik ez zeukala; eta bi faktore horiek nahikoak ez ezta, gehitu behar zaie euskararen aurka frankismoak ezarrita zeukan errepresio latza. 

Trabak traba, Loidik euskal nobela beltzaren bidea ireki zuen 50eko hamarkadan; ondoren etorri ziren Gotzon Garate, Xabier Gereño, Mariano Izeta eta abar.

Jose Antonio Loidi (Errenteria, 1916-Irun, 1999). (Argazkia: Erein argitaletxea)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!