Gizartean txertatzen diren ikasketak Leizaran Institutuan

Aiurri 2026ko apirilaren 16a

Gizartearen errealitate konplexuan oso txertatuta dauden bi ikasketa eskaintzen ditu Leizaran Institutuak, Lanbide Heziketaren arloan. Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin jarduteko teknikariak prestatzen dituzte bertan.

Argazkian, Arreta zikloko zenbait ikasle ageri dira, Debora Herrero, Uxue Iruretagoiena eta Jon Otaegi irakasleekin, Flor Lopez eta Peio Jauregi Bertxin elkarteko kideekin, eta, joskintza tailerra gidatzen ari diren Ana Mari Usandizaga, Juanita Ikutza, Teodora Herrera eta Mari Lucasekin.

Gizarteratzea (goi mailako zikloa, A eta D ereduak) eta Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonentzako Arreta (erdi mailako zikloa, D eredua) dira hain zuzen, Leizaran Institutuaren eskaintzak, zaintzaren arloan.

 

Ate Irekiak, apirilaren 22an

Bi ikasketa horiek xede hartuta, Ate Irekiak jardunaldia egingo dute Institutuan, apirilaren 22an, asteazkenarekin, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Interesa eduki dezaketen herritarri gonbidapena luzatu diete Debora Herrero Leizaran Institutuko Arreta Zikloko Mintegi buruak, “etor daitezela inongo lotsarik gabe, informazio orokorra emango diegu, zikloen berri, beren edukiak, gizartean eta gizarteko eragileekin elkarlanean egiten ditugun praktikak, irteera profesionalak...”.

 

Gizarteratze zikloa

“Gizartean zaurgarritasun egoeran dauden kolektiboetako kideekin jarduteko prestakuntza jasotzen dute bi ikasturteko iraupena duen ziklo horretan”, Nerea Bilbao irakasleak adierazi duenez. “20 urteko ibilbidea egin du Leizaran Institutuan zikloak, eta arrakasta handia du gazteen artean; bete egiten dira gelak” gaineratu du. Ikasle gehienak erdi mailako zikloak eginda datoz; batxilergotik ere etorri ohi dira, unibertsitatera joan beharrean Lanbide Heziketako zikloan murgiltzea erabaki dutelako”.

Gizartaratze zikloko lehen mailako ikasleak, D ereduko taldea

Jada praktiketan dabiltza Gizarteratze zikloko bigarren mailako ikasleak. Lehen mailakoak, berriz, maiatzean ekingo diete praktikei. Ezaugarri eta premia anitzak dituzten erakunde eta lekuetan murgilduko dira: ikastetxeak, adin txikikoen harrera-etxeak, Caritas, Gautena, Kirol Egokituak, Drogamenpekotasuna jorratzen dituzten zentroak, Sorabillako Harrera Etxea...

Gizartaratze zikloko lehen mailako ikasleak, A ereduko taldea

Maddi Iza eta Miriam Lasel dira ikasle horietako bi. Izak Errenteriako ikastetxe batean adin txikiekin ariko da Iza, eta Trintxerpen harrera-etxe batean Lasel. “Haur hezkuntza gogoko dugu, eta iruditzen zaigu leku egokiak izan litekeela Institutuan ikasitakoa garatzeko” adierazi du Izak. ilusioz beterik daude une honetan, praktiken lehen eguna noiz iritsiko. Laselek aitortu du zenbait ezaugarri komeni direla edukitzea Gizarteratze zikloaren erronkari heltzeko, “zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin enpatia eta sentiberatasuna, gizarte-trebetasunak, baliabide pertsonalak behar bereziak dituzten pertsonen errealitateei aurre egiteko...”.

Gizartaratze zikloko lehen mailako Maddi Iza eta Miriam Lasel ikasleak

Arreta zikloa

Mendekotasun egoeran dauden pertsonekin jarduteko prestatzen dira ikasleak Arreta (erdi mailako zikloa) zikloan, Leizaran Institutuak, D ereduan. Lanketa horretan, Leizaran Institutuan azken urtetan garatzen ari diren esperientzia nabarmendu nahi izan du Debora Herrero irakasleak. “Andoaingo herriarekin lankidetzan zenbait ekimen ari gara burutzen, oso modu aberasgarrian; Lanbide Heziketan nahiko aitzindaritzat jo daitezke horiek. Udalarekin eta Bertxin eta Santa Krutz jubilatu eta pentsiodunen elkarteekin harremanak estutu ditugu, eta horri esker, azken urtetan Ibili Andoain ekimenean modu aktiboan parte hartzen dute ikasleek asteazkenero, Eguneko Zentroko aitona-amonekin ariketa fisiko eta mentalak egiten dituzte”.

Gainera, aurtengo ikasturtean, beste bi proiektu berri jarri dituela abian, nabarmendu du Herrerok: “hirugarren adinekoekin “mugimendu eta osasuna” eta “osasun mentala” izeneko bi tailer batetik, eta bestetik, joskintza tailerra. Ikasleak Anbrosia Olabide eraikinera joaten dira lehenbiziko bi tailerrak gidatzeko, eta hirugarrengoa egiteko, berriz, adineko jostunak etortzen dira Institutura”.

Tailer horiek ikasleei eragiten dizkien onura praktikoak azpimarratu ditu Herrerok, “ikasleek, etorkizuneko teknikari gisa, zainduekin profesionaltasunez eta duintasunez jokatzen jakin beharko dute. Tailer horien bitartez, adineko pertsonekin eduki beharreko harremanetarako gaitasunak garatzen zaizkie, eta gainera, etxe bateko martxan nahitaezkoak diren jardunetan (jostunean, garbiketan, sukaldean...) trebatzen dira”.

Urratutako bideak oso balorazio pizgarria eragiten diola Institutuari aitortu du Herrerok. “Ezin bestela izan. Izan ere, belaunaldi desberdinen arteko harremanak sustatzen dira, eta gainera, gure ikasleak etorkizunean arreta eta zaintzaren arloetako teknikari formatuak izango direla bermatzen ari gara”.

 

Belaunaldien arteko ikaskuntza

Tailer horien gauzatzearekin, belaunaldien arteko ikaskuntza sustatzen ari direla nabarmendu du Peio Jauregi Bertxin Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteko kideak. “Adineko pertsonak isolatuak bizi dira gizartetik hein batean, eta gu bezalako elkarteen egitasmoa izaten da gizarte horretan txertatuta bizitzen jarrai dezaten. Argi daukagu bizitzak eskarmentu eta jakintza handia eman dizkiela eta oraindik ere asko daukatela erakusteko hurrengo belaunaldiei. Alde horretatik, eredugarriak iruditzen zaizkigu Leizaran Institutuak bere ikasleekin dinamizatzen dituen tailerrak. Belaunaldien arteko harremanak bultzatzen dira, eta elkarrekin ikaskuntzan jardutea errazten du. Tailerrak hurrengo ikasturteetan ere errepika daitezen saiatuko gara”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!