Gizarte zibileko hainbat erakundek CAF enpresaren aurkako salaketa jarri dute

Aiurri 2026ko apirilaren 17a

Gazako genozidioaren aurkako manifestazioetan, maiz kritikatu izan dute CAFek Jerusalemgo Tren Arinaren proiektuan daukan parte-hartzea

Otsailaren 18an erregistratu zuten salaketa CAF enpresak tren arinean daukan “inplikazioagatik”, eta Espainiako Fiskaltzak ikerketa bat ireki du CAFeko zuzendaritzaren aurka. Andoaingo BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) mugimenduak bat egin du salaketaren xedeekin, “Israelen legez kanpoko okupazioa eta apartheid-sistema sendotzeko erabiltzen den azpiegituraren sustatzaileetako bat” izateagatik.

Fiskaltzan salaketa jarri duten erakundeek ohar bidez adierazi dutenez, “enpresaren inplikazioa egiturazkoa da Jerusalem okupatuaren eta mendebaldeko Jerusalemen asentamenduak konektatzen dituen azpiegitura batean”. Hain zuzen, Jerusalemgo tranbia arinaren “eraikuntzan, operazioan eta mantentze-lanetan” enpresa erabat inplikatua dagoela diote, eta horrexegatik, CAFeko zuzendaritzaren balizko erantzukizun penala ikertzeko eskatu diote Fiskaltzari.

Novact (indarkeriarik ezaren aldeko institutua), CSCA (arabiar kausarekiko elkartasun batzordea), Comunitat Palestina de Catalunya, ODESCA (gizarte eskubideen eta justizia ekologikoaren aldeko behatokia), Paz con Dignidad erakundea eta SUDS (feminismoaren, internazionalismoaren eta justizia globalaren aldeko elkartea) dira salaketaren elkarte sustatzaileak. Nazioarteko zuzenbidean, zigor-justizian eta giza eskubideetan adituak diren Guernica37 zentroko abokatuek hartu dute bere gain ekimenaren alderdi judiziala.

 

Egiturazko inplikazioa

Salaketaren sustatzaileek zabaldu duten oharrean adierazi dutenez, “CAFek 2019tik parte hartzen du proiektuaren garapenean, unean uneko lankidetzatik askoz haratago doan paper batekin: JLRren Linea Gorria zabaltzeaz, Linea Berdea eraikitzeaz, trenak hornitzeaz eta berritzeaz eta seinaleztapen-, energia- eta komunikazio-sistemak zabaltzeaz arduratzen da”.

Bestalde, CAFen jarduera haratago doala gaineratu dute, “enpresa bateratu baten bidez jarduten du bi lineak lantzen eta mantentzen. Enpresa horretan, % 50eko partaidetza du, eta 15 eta 25 urte arteko kontratuak ditu”. CAFek, Shapir enpresa israeldarrarekin batera ezinbesteko rola jokatzen duela Jerusalemgo tren Arinean (JLR) ziurtatu dute. “Gako diren zerbitzuak eskaintzen ditu, eta hura gabe proiektua ezingo zitekeen egungo garapen mailara iritsi. Inplikazio hori egiturazkoa eta ezinbestekoa da tranbiaren funtzionamendurako eta hedapenerako. Eta ez dimentsio teknikoagatik bakarrik: salaketak dio azpiegiturak Ekialdeko Jerusalem okupatuko israeldarren kokalekuak lotzen dituela elkarren artean eta Jerusalem Mendebaldearekin, haien integrazioa eta hazkundea indartuz, auzo palestinarren zatikatzea sakontzen duen bitartean”.

Salaketak gaineratzen duenez, CAFek JLRn duen jarduerak Israelek okupaturiko Ekialdeko anexio ilegala sendotzeaz eta Israelek Palestinar lurralde okupatuetan dituen legez kanpoko kokalekuak mantendu eta zabaltzeaz gain Israelek Palestinarren aurka dituen jokabide inhumano eta diskriminatzaileak susta ditzake.

Gizarte eragileek gogoratu dute 2025eko irailean, Israelen asentamenduetako jarduerei lotutako enpresen Nazio Batuen datu-basean sartu zela CAF.

NBEko errelatore Francesca Albanesek iazko uztailean aurkeztutako txostenean zehaztu zen enpresa batzuk nola ari ziren etekinak pilatzen genozidioa gertatzen ari den bitartean; enpresa horien zerrendan sartu zuen CAF. Tren arina azpiegitura baliagarria zela koloniak ezartzeko eta zabaltzeko eta Israelekin lotzeko, eta horrekin palestinarrak alde batera uzteko, gehitu zuen Albanesek orduan.

Joan den irailean, berriz, Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen bulegoak Zisjordanian kokatutako asentamendu ilegaletan jarduten duten enpresen zerrenda eguneratu zuen, eta 68 enpresa gehitu zituen; tartean dago CAF.

 

Erantzukizuna, ikuspegi juridikotik

Salaketaren bultzatzaileek uste dute, ikuspegi juridikotik, CAFen jarduera “Espainiako Zigor Kodearen hainbat agindutara egokitu” daitekeela. Gatazka armatuetan babestutako pertsonen aurkako krimentzat jotzen dituzten jokabideak, hain zuzen ere aipatu dituzte; horietan artean, “biztanleria zibila potentzia okupatzaile batetik lurralde okupatura lekualdatzen parte hartzea, bereizkeriazko jokabideak izatea eta Genevako Laugarren Konbentzioa urratzea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!