Aiurrik porra bat jarri du martxan. Zuri egingo dizugu galdera: zein da aurreikusten duzun emaitza?
1-2, Atletico de Madriden alde. Ez da gol askorik izango. Oiartzabal handiak sartuko du bat, eta beste biak Julian Alvarezek eta Giuliano Simeonek.
Madrildarren aldeko bakarrenetakoa izango zara Andoainen. Nondik datorkizu zaletasun hori?
Badaude, baina ezkutatu egiten dira. Familiatik datorkit, hasieran, aitona-amonak eta gurasoak zaletu ziren; ondoren, anaia eta biok; eta, orain, noski, semea.
Poztuko zinateke Realak irabaziko balu?
Nik Atletico de Madridek irabaztea nahi dut. 1987an, Zaragozako finalean, Realak penaltietan irabazi zigun, Arconada handia atezain zela. Aurten orduko arantza hura atera nahi dugu: erregearen kopa irabazi nahi dugu.
Non ikusiko duzu finala, larunbat gauean?
Etxean, edo bestela auzuneko Itsaso tabernan. Esaten didate koldarra izango naizela eta ez dudala gainerako bezeroen artean ikusiko.
Ingurukoek zer esaten dizute finalari buruz? Eta zuk zer erantzuten diezu?
Ezagutzen naute, aspalditik dakite Atletico de Madridekoa naizela. Elkar zirikatzen dugu, normala den bezala. Andoaingo jendeak ezagutzen nau, batez ere, nire adin ingurukoek. Baina ez naiz bakarra eta badira gazte batzuk Atletico de Madridekoak direnak. Noizean behin elastikoarekin entrenatzera joaten dira Ubitartera.
Zure taldetik zein jokalari nabarmenduko zenuke? Eta zure taldekoek norengan jarri behar dute arreta berezia?
Lehenik, gure taldeko Koke nabarmenduko nuke. Zelai erdiko erregea da. Bestetik, Julian Alvarez aurrelaria ere oso ondo ari da. Golegile petoa da, nahiz eta, azkenaldian, ez den gol asko sartzen ari. Horiez gain, Giuliano Simeoneren jokatzeko gaitasuna azpimarratuko nuke, izugarria da.
Talde sendoa da Atletico de Madrid, Ligan eta Championsen onenen artean egonkortuta. Nolako denboraldia egiten ari dira?
Batetik hamarrera, zortzi bat jarriko diet. Championsen Camp Noun lortu berri dugun garaipenak finalera heltzeko aukera handiagoa eman digu. Bada garaia 'Cholo' Simeonek final bat irabaz dezan, taldean 14 denboraldi egin ondoren. Oso zaila izango da, maila handiko taldeak lehiatzen ari baitira. Esate baterako, Arsenal eta Municheko Bayern. Baina, hala ere, saiatuko gara.
Eta, bestalde, Reala nola ikusten duzu?
Bikain ikusten dut, oso ondo jokatzen ari dira. Gorabeherak dituzte, talde guztiek bezala. Oso entrenatzaile ona dute, Matarazzo oso lan ona egiten ari da. Lesioek ere pisua izan dute, adibidez, Take Kuboren lesioak eragin handia izan du taldean. Hala ere, oso jokalari onak dituzte. Oiartzabal eta aurreko jokalariei esker, Reala Ligan nabarmenduko dela uste dut. Nire ustez, 5. postua eskuratuko du. Ez diguzue 4. postua kenduko.
Finala partida bakarrera da. Irabazteko zein portzentaje ematen diozu talde bakoitzari?
Atletico de Madrili %85eko probabilitatea ematen diot irabazteko, eta Realari %15a.
Andoainen eta inguruetan zenbat zarete Atletico de Madridekoak?
Hamabost bat ezagutzen ditut. Zaletu horien seme-alabak ez dakit colchoneroak izango diren, baina dozenatik gora gara.
Zure taldeak irabaziko balu nola ospatuko zenuke?
Bere taldea irabazten duen edozein zaletuk ospatuko lukeen bezala. Berdin-berdin. Daukadan adinarekin, ez naiz mozkortuko, baina garaipena behar bezala ospatuko dut. Balkoira irten eta "toma!" oihukatuko dut.