Pertsona batek idatzi dezakeen dokumentu pertsonala da Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD); bertan, etorkizunari begirako jarraibide batzuk uzten ditu idatzita, bere borondatea adierazteko gauza ez bada erabil daitezen.
Adin nagusiko edonork egin dezake agiri hori, eta noiznahi alda edo baliogabetu, baldin eta erabakiak hartzeko gaitasunari eusten badio; aldaketarik egiten ez duen bitartean, agiriko jarraibideek dute lehentasuna.
Osakidetzak Aurretiazko Borondateen Dokumentua osatzeko erraztasunak jartzen ditu, eta horretarako, zenbait osasun-profesional prestatu ditu, azken aldian. Oinarrizko orientabideak eta “gogoetarako dokumentua” ematen dizkiete interesatuei, eta aipatu dokumentuaren zirriborroa eskaintzen diete ingurukoekin parteka dezaten, eta etxean landu eta bete.
ABDk hiru aldeen adostasuna jaso behar ditu. Batetik, eskatzailea, dokumentua beteko duena. Bigarrenik, eskatzailearen ordezkaria; osasun-profesionalak harekin mintzatuko dira, eskatzaileak idatzitako borondatea ahalik eta hoberen interpretatzeko. Eta hirugarrenik, hiru lekuko; eskatzaileak agirian adierazitako nahiak modu aske eta kontzientean hartu dituela ziurtatzen duten pertsonak dira.
Esan bezala, Osakidetzak hainbat osasun-profesional prestatu ditu ABDaren kudeaketa egiteko, eta eskualdean, Andoain zen Amasa-Villabonako osasun-zentroetan, esate baterako, bertako langileen esku dago eginkizun hori.
Osasun-langileek adierazi dutenez, egunez-egun hazten ari da ABDren gaineko interesa herritarren aldetik, beren etorkizuna jomugan izanik. Hitzordua eskatu behar da harreran, haiekin tramiteak egiten hasteko.
Pentsatu, hausnartu...
ABDren eskatzaileek edozein kontsulta egin diezaiekete osasun-etxeetan horretarako prestatuta dauden profesionalei; izan ABDaren edukia, izan gaixotasun batek izan dezakeen bilakaera, izan erabaki bat edo bestea hartzearen ondorioak, izan beste hainbat gai zalantzakor.
Arretaren Plangintza Partekatuari ematen zaio garrantzia, ”paziente eta erabiltzaileen balioak eta lehentasunak zein diren jakiteko eta errespetatzeko lagungarri diren heinean, baldin eta ez badira gai zer nahi duten adierazteko”.
Senideekin edo pertsona maiteekin ez ezik, medikuarekin eta erizainekin hitz egitea gomendatzen dute, “prozesuaren berri emango dizute, eta, egoki baderitzozu, Aurretiazko Borondateen Agiria idazten eta erregistratzen lagunduko dizute”.
Txostenak zenbait alor jorratzen ditu: bizi-kalitatea, osasuna eta osasun-zainketak, informazioa eta erabakiak hartzea, eta, bizitzaren amaiera. Gai horien gainean, hainbat galdera helarazten zaizkio eskatzaileari; hala nola, “etorkizunean, nolako osasuna izango duzula uste duzu?”, “Zer-nolako zainketak jaso nahiko zenituzke?”, “Zuretzat, zein gauza dira garrantzitsuenak?”, “Zerekin gozatzen duzu?”, “Zeren falta nabarituko zenuke gehienbat, horretarako gaitasunik ez bazenu?”, "Ahalik eta denbora gehiena bizi nahi duzu, ala zuretzat garrantzitsuagoa da bizi-kalitatea bizitako urte kopurua baino?”...
Zaintza pertsonala
“Inoiz adierazi al duzue nola nahiko zenuketen zuek zaintzea?” galdera ezin zuzenago hori ere luzatu zien Basteroko entzuleei, Aranak. “Zainketak ez dira inprobisatzen, pertsona bakoitzak patxadaz pentsatu behar luke etorkizunean nolako zaintza pertsonala nahiko lukeen, autonomia galdu eta menpekotasun egoera batera iristen denerako. Hausnartu eta ingurukoekin partekatu”.
Aranak onartu zuen ez dela eginkizun erraza ABD agiriaren aurrean jartzea eta etorkizunean nolako zainketa nahi genukeen zehazten hastea. Horretarako, ohartarazi zuen modu eraginkorra izan ohi dela eguneroko detaile txikiekin hausnartzen hastea. “Badaukate garrantzia, eta ez gutxi. Izan ere, huskeria diruditen erabakiak hartzen ari gara goizetik gauera, gogoko ditugun gauzak onesten ditugu, ahal badugu behintzat. Eta azken batean, gure bizi-kalitatea eraikitzen ari gara unero”.
Zaintza medikoa
“Zer da bizi-kalitatea? Sufrimendurik ez edukitzea, autonomoak izatea eta inoren menpe ez egotea?”. Bizi-kalitatearen kontzeptua subjetiboa dela, eta desberdina izan daitekeela gutako bakoitzarentzat, eta ondo hausnartzea dagokigula azpimarratu zuen. Ezin duela aitzakia izan ez jakitea etorkizunean zein motatako gaixotasunak jasan ditzakegun. Gogorarazi zuenez, “Aurretiazko borondateen agirian idazten dena ez da definitiboa, eta komeni da berraztertzea tarteka, bizitzaren joanak berak markatzen baitizu, esate baterako, bizi-kalitatearen gainean daukazun ikuspegia”.
Zaintza administratiboa
Ezintasun fisiko edo kognitiboa nahiko aurreratua daukagunean, arlo administratiboan egin beharreko gestioak noren esku utzi nahi dugun zehazteaz mintzatu ohi da Arana, hirugarren saioan. Prebentzio botereak eta ordezkaritza figurak izan zituen hizpide Basteron, alde horretatik. “Konfiantzako pertsona hautatzen duzu, ordezkatuko zaituena gestioak egiteko. Ordezkaritza figura komeni da idatzita uztea ABDn; baina horretarako, hobe da notario baten aurrean idatzita uztea”.
ABD agiria betetzerako orduan, ordezkaritza figura nork beteko duen izendatu ondoren, hurrengo pausoa izan liteke noiz aktibatu behar den ere idatzita uztea. Gizakien hondatze fisiko eta psikikoa neurtzen duen Reisberg edo GDS eskala har daiteke erreferentzia gisa horretarako. Sintoma kognitiboak edota aldaketa funtzionalak deskribatzen ditu, eta zazpi fasetan definitzen du gizakiaren hondatze prozesua.
Zaintza ekonomikoa
Arana jada ez gauden egunari begira jartzen da “zaintza ekonomikoa” deitzen dion laugarren saioarekin. Berriro ere gai deserosoen eta tabuaren eremuetan sartu ohi garela adierazi zuen. ”Sekretismorik handienarekin hartu izan da beti familia-giroan testamentuaren gaia. Liskarrarekin, bazterrak nahastearekin… lotzen dugu, eta ez ikusia egiten diogu”.
Deseroso sentiarazten gaituen horri aurre egiteko daukagun premiari heldu zion Aranak, berriro. "Egoki etortzen da aurretik zehaztuta uztea nori, nola, ze kopurutan utzi nahi dugun daukagun ondarea. Ez da legezko agiri edo tramite huts bat, badu emozionaltasunetik asko. Geure bizitzaren ibilbidea ixteko modu zuzena da, eta batez ere, ingurukoak zaintzen dira. Horrexegatik, badu garrantzia alderdi horretatik legedia nola dagoen jakiteak”.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 690 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.