Emakumearen istripua eta herrikideen zaintza

Xabier Lasa 2026ko apirilaren 21a

Adineko emakume batek, La Salle Etorbidean aldapan gora zihoala, estropezu egin eta eroriko galanta jasan zuen atzo eguerdian. Lurrean altxa ezinik geratu zen, buruan kolpe latza jasanda. Azpimarratzekoa da inguruan ziren herritarrek eduki zuten bapateko erreakzioa, laguntza eskainiz. Ez zen larritasun handiko gertaera izan, baina herritarren arteko zaintzaren erakustaldi polita izan zen. Halako egoerak ere albiste bihurtu beharko genituzke, tarteka.  

Larrialdietako anbulantzietara deitu zuten azkar batean, baina sekula baino luzeagoak eta etsigarriagoak egiten diren zenbait minutu igaro ziren sirena-hotsekin heldu ziren arte.

Andoainen gertuen zirenak beste deialdi bati erantzutera joanak ziren, eta nahi baino zertxobait beranduxeago heldu zen, heldu zen anbulantzia.

Herritarren jokabidea izan zen eredugarria, itxaroten egon beharreko une larri horretan. Bi gazteek zaindu zuten gertu-gertutik, eta beste zenbait herritarrek ahal zutena egin zuten: batek emakumeari itzala eman kartoi-puska batekin, bi udaltzainek trafikoaz arduratu...

Emakumeak istripua izan orduko di-da bateko erreakzio instintiboa izan zuenetako bat izan zen Ainhoa Urkola gaztea, Arantzazu ospitalean erizain gisa lanean aritzen dena. “Autoan gindoazen aldapan gora, eta hor ikusi genuen nola erortzen zen emakumea. Autoa bazter batean utzi, eta abiatu nintzen lasterka. Lurrean etzanda zegoen, eta buruan mina izugarria zeukala esaten zuen, koskorreko galanta bazeukan, lehen begiratu batean; behinik behin, kontziente zegoen. Badaezpada ere ez mugitzeko agindu genion, buruan edo gorputzean zerbait larria eduki zezakeen-eta. Larrialdietakoak heldu bitartean, bere ondoan egon ginen, hizketan, BMko langile bat eta biok. Arnasa sakon hartu zezan, eta lasai egon zedin saiatu ginen berarekin, larrialdietako osasun-langileak etorri ziren arte halako batean. Emakumea aztertu zuten, eta baieztatu ahal izan zuten ez zeukala larrialdi handiko zauririk, emakumearen beraren eta han inguruan geunden guztion pozerako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!