Bi orduko lan-uztea egin dute udal-langileek, EUDELi lan-baldintzak hobetzea eskatzeko

Aiurri 2026ko apirilaren 23a

75 udal baino gehiagotan bi orduko lan-uztea egin dute ELA eta LAB sindikatuek deituta gaur eguerdian; Andoainen, lan uztearekin atera Goikoplazan elkarretaratzea egin dute Goikoplazan. Bihar da biltzekoa EAEko udal eta toki-erakundeetako langile publikoen lan-baldintzak arautzen dituen Udalhitz hitzarmenaren negoziazio mahaia, eta edukiez beteriko proposamenak eramateko eskatu diete alderdi politikoei.

“Hemen mobilizatzen ari garen langileok tokiko administrazioei, hauek gobernatzen dituzten alderdi politikoei zein EUDELi exijitzen diegu mahai-negoziatzaileetara edukiak orain ekartzeko, soldata eta enpleguari dagozkion gaiak hemen negoziatu behar direla aldarrikatzearekin batera”, adierazi dute Goikoplazan egindako bilkuran.

Gehitu dutenez, “udal eremuan urte asko daramagu lan baldintzak hobetuko dituen akordio integralik gabe eta mahai gehienak ez daude martxan. Bitartean, aurreko urtean Udalhitzeko negoziazio mahaia martxan jarri zen eta orain dela 16 urte berritu gabeko lan-baldintzak adosteko aukera irekita dago. Alabaina, Udalhitzen negoziazioan urte eta erdi pasa den arren, oraindik orain EUDELek eduki eskasak jarri ditu mahai gainean eta orokorrean konkreziorik gabekoak dira. Udalhitzen kanpo dauden udaletan berdina gertatzen ari da”.

Gauzak horrela, “negoziazio-mahaietara edukiak” eramateko eta “lan-baldintzen hobekuntzak” negoziatzeko exijitu dute ELA eta LAB sindikatuek.

 

Egun osoko bi greben iragarpena

Adosturiko aldarrikapen komun batzuen baitan mobilizazio eta greba dinamika abiatuta daukatela lehendik ere ohartarazi dute bi sindikatuek, “zentzu horretan, gaurko lanuzteak eta langileek erakutsitako indarrak alderdi politikoak mugiarazi dituen edo ez ikuskizun dago, biharko mahai negoziatzaileko edukiek argituko digute hori”. Biharko mahaiak eman dezakeenaren esperoan, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute. Besteak beste, “maiatzaren 14ean eta ekainaren 4ean egun osoko grebak burutuko ditugu EAEko udaletxe guztietan”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!