Aurretiazko borondateen agiria bete daiteke Osakidetzan

Xabier Lasa 2026ko apirilaren 25a

Ana Valero Soto.

Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD) jada egin liteke Andoaingo Osasun Etxean. Tramitea kudeatzeaz arduratzen den erizaina da Ana Valero Soto.

Zer egin behar du ABDa egiteko interesa eduki dezakeen herritarrak?

Anbulatorioan nirekin hitzordua eskatu, lehenbiziko eta behin. Eskatzaileei argibide idatziak ematen dizkiet ABDaren edukien gainean, eta zenbait orientabide ere ematen dizkiet prozedura aldetik. Zenbat txosten eskura jartzen dizkiet, eta bizpahiru astetako tartea ematen diet haiekin hausnar dezaten, eta berriro ere hitzordua jartzen dugu. Ordurako gauzak argi idatzita ekarri behar dituzte eskaerak, eta bestela ere, zalantzak argitzeko gaude. Behin ABDa idatzita, sinatu eta eskatzailearen historialean erantsiko da eta Osakidetzaren artxiboan jasoko da. Tramitazio guztia konfidentzialtasunez egiten da.

Egun, nahiko atzerapenarekin gauzatzen ari dira eskaerak. Andoaindik Tolosara bidaltzen dira, eta handik Gasteizera, Osakidetzara. Horrela, zenbait hilabete igaro ohi dira eskatzaileari etxera gutun zertifikatua iristen zaienerako. Egia esanda, nahiko berria da ABDa eskatzearena, eta gero eta zabalkunde handiagoa edukitzen ari da herritarren artean. Pentsatzen dut etorkizunean arintzen joango dela tramitazio administratibo guztia.

Noiztik dago irekita zerbitzu hori anbulatorioan?

Iaz ekin genion, eta taldeka hasi ginen. Nolanahi ere, ez da erraza taldeak sortzea, eta arrazoi batzuk zirela medio (parte-hartzaileen ordutegiak batzeko zailtasuna, erreparoak partekatzeko horren pertsonala den gaia...), batez ere hitzordu pertsonalak lotzen ari gara azken aldian. Asteartero, hiru hitzordu finkatzen ditugu.

Argi dago hazten ari dela eskaria. Gero eta interes handiagoa dago herritarren artean, izan ere, badago gogo bat zehazteko zer nahi den eta zer ez bizitzaren azken uneari begira. Eskaera hori poliki-poliki normaltzen joango dela iruditzen zait; goiz ala berandu, edozein mediku-kontsultaren pare amaituko du.

Zertarako egiten da ABDa, zehazki?

Eskaera-dokumentuan zehazten den bezala, askatasunez erabakitzeko gaitasuna daukagunean idatzi beharra dago eta, horren bitartez, sinatzaileak, bere balioak eta lehentasunak idatzi, eta horiek kontuan hartzea eskatzen du; batik bat, jakinaren gainean uzten du, idatzitz, baldin eta bere egoera fisiko edo mentala dela-eta galduko balu, zer nolako osasun-zaintza jaso nahi duen erabakitzeko gaitasuna.

Eskatzaileen agirian argi irakur daitekeen moduan, dokumentu horrek balioa dauka soilik bere egileak betiko galtzen duenean erabakitzeko gaitasuna. Bien bitartean, noiznahi alda dezake, erabat malgua da alde horretatik. 

Eskaera-idatzi ofizial horrek, zer alderdi jasotzen ditu?

Batik bat ikuspegi mediko batetik planteatzen dizkio galderak eta erantzunak eskatzaileari: hala nola, zer den garrantzitsua berarentzat (bizi-kalitatea, autonomia pertsonala eduki, minik edo sufrimendurik ez izatea…), bizitza ez luzatzea eta tratamenduei uko egitea nahi al duen (egoerak deskribatzen zaizkio horretarako), mina eta sufrimendua arintzeko zainketa aringarriak, eutanasia, non jaso nahi duen arreta bizitzaren amaieran… Halaber, agirian jaso daitezke eskatzaileak gogokoak dituen beste hainbat ohar edo jarraibide, sendikoek edo ingurukoek kontuan har ditzaten. Oso irekia da agiria, alde horretatik.

Zein profileko eskatzaileak hurbiltzen dira zuen zerbitzura hitzordu eske?

50 urtetik gorako jendea da normalki. Asko eta asko, bikotearekin, lagunekin edo seme-alabekin etortzen dira.

Zenbaitzuk aitortzen dizute iraganean esperientzia mingarriak bizi izan dituztela familian, eta ez dituztela halako egoerak errepikatu nahi. Oroitzapen mikatz horrek mugiarazten die. Esate baterako, adineko jendeak adierazten dizu dokumentuari esker espero duela, etorkizunean, seme-alaben artean ez egotea eztabaidarik.

Oso gai delikatua da, egia esanda, tabu samarra izaten segitzen baitute autonomia galdu osteko zaintzak, bizitzaren azken unetan irudikatu behar horrek, heriotzak… Dokumentuak oso alderdi intimoak eta pertsonalak mugiarazten dizkizu barru-barruan, eta bada emozionalki gaizki etortzen zaigunik, nahiz eta argi eduki egin beharra daukala. Egokitu izan zait atzera egin duenik ere, utzi nizkion dokumentuen irakurketarekin oso gaizki pasatzen ari zela eta. Nolanahi ere, orokorrean, jendeak kontzientziatuta egiten du eskaera, badakielako premiazkoa den pausoa egiten ari dela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!