Jarki erakundeak adierazi duenez, ekintza horien bitartez, ”morteroak egiten dituen ECIA eta ekoizpen militarrari zuzendutako Sapa enpresak inperialismoa armez hornitzearen eta hau elikatzen duen gerraren negozioaren kontura bizi” direla salatu nahi izan du.
Jarkik zabaldu duen agirian dioenez, “armen indarrez eraikitako ordena eta hauen bitartez inposatutako bakea da kapitalarena, bortizkeria baitu oinarri burgesiaren botereak”.
Gogoeta horren adibidetzat jo ditu armagintzaren sektorean aritzen diren aipatu bi enpresak. Agiri berean, salatu dute “Euskal Herriak pairatzen duen militarizazioa” eta “kaleak armaz hartuta” daudela. Azkenik, adierazi du herritarrak ezin direla isilik geratu, eta salaketaren bideari ekin behar diotela.