Inbertsio estrategikoekiko kritika egin dio EAJ-PNVk Udal Gobernu Taldeari

Jon Ander Ubeda 2026ko apirilaren 28a

"EH Bilduren ezintasuna" salatu dute jeltzaleek kiroldegiaren eraberritzea, Illarramendiko pabilioia eta liburutegi berria martxan jartzeko: “exekutatzen ez den mailegu bat dugu, amaitzen ez diren proiektu teknikoak eta obrak errealitate bihurtzeko gai ez den gobernu taldea”.

"Andoain agintaldiaren azken zatira egoera kezkagarri batekin iritsi da: udalerriarentzat hitzemandako proiektu estrategiko handietako bat bera ere ez dago bideratuta. Andoaingo EAJ-PNVtik egungo gobernu taldearen jardun eza salatzen da, lidergo falta eta kudeaketa ezintasunak udalerria geldialdi puntu batera eraman dutela, non orain dela lau urteko arazo berdinek bere horretan jarraitzen duten. Herria berpiztuko zutela agindu zutenek, herria blokeatuta utzi dute azkenean. Gaur egun, eskuartean diren hiru proiektu estrategiko nagusiak —kiroldegiaren handitzea, Illarramendiko pabiloiaren garapena eta udal liburutegi berria— ez dira oraindik gauzatu, eta are gehiago, oraindik ez dute hasiera aurreikuspen argirik ere".

Kiroldegiaren kasuan, jeltzaleen ustez, "urteetako anuntzioen, lizitazioen eta amaierarik gabeko berrikuspenen ondoren, proiektua amaigabeko bukle administratibo batean trabatuta dago oraindik. Udalak 2022ko abenduan lizitatu zuen proiektuaren idazketa; 2024ko maiatzean entregatu zen eta exekuzio proiektua 2025eko uztailean (13,9M€)".

Illarramendiko zerbitzu pabilioiari dagokionez, "egun ez dago ez obrarik, ez ziurtasunik. Udalak berak aitortu ditu kostu igoerak (adibidez, altzairuaren partidetan %38rainokoak), proiektu-aurrekontuaren bideragarritasuna zalantzan jartzen dutela. Bitartean kontratatutako milioika euroko maileguak exekutatu gabe jarraitzen du. Hau da, zorpetu egin gara, inbertsiorik gabe".

Udal liburutegi berriaren "egoera ez da hobea", jeltzaleen ustez: "Lau urteko tramite, tasazio eta zinema zaharra zegoen partzelaren balizko erosketa inguruko konpromisoen ondoren —kokapen egokiena bezala adostu zen—, proiektuak blokeatuta jarraitzen du oraindik. Une honetan ez dago partzela erosteko konpromiso politiko sendorik, ezta aurrera egiteko egutegi zehatzik ere. Ez dituzte beharrezkoak diren proiektu teknikoen idazketa ere martxan jarri".

Kritika gogorra egin dio. ondorioz, EH Bilduri: "aitzakia iraunkorraren kultura ezarri du Udalean: prozedurak konplexuak direla, zailtasun teknikoak daudela, kanpoko baldintzak… Baina gobernatzeak zailtasun horiek guztiak gainditzea suposatzen du, ez aitzakia gisa erabiltzea, jardun eza justifikatzeko. EAJ-PNVk udal gobernuari argitasuna, zorroztasuna eta, batez ere, kudeaketa gaitasuna eskatzen dizkio; Andoaingo etorkizunerako ezinbestekoak diren proiektuak desblokeatzeko. Herritarrek ezin dute beste lau urteko paralisi gehiago jasan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!