Herriko ekitaldi anitzen berri edukitzeko “Andoain BAT” agenda bateratua aurkeztu dute

Aiurri 2026ko maiatzaren 5a

Herrian antolatzen diren edozein eratako ekitaldien berri jasoko duen “Andoain Bai” app aplikazio informatikoa abian jarri du Udalak, eta gaur aurkeztu dute. Egitasmoan parte hartu duten udal ordezkari politikoak, teknikariak, informatikariak eta herri eragileak izan dira aurkezpen ekitaldian (bideoz ikusgai behean).

Andoni Alvarez alkateak eta Marta Lasa kultura zinegotziak egin dute “Andoain Bat” agenda bateratuaren aurkezpena.

Ekitaldian, agenda bateratuaren egitasmoan parte hartu duten honakoek ere hartu dute parte: Diego Barrasa eta Xabier Fondon eta Haizea Barandiran (EH Bildu), Aritz Alkain eta Belen Gonzalez (PSE-EE) eta Pepe Iparragirre (Elkarrekin-Podemos) zinegotziak; Iker Apaolaza kultura eta hezkuntza teknikaria; Eider Mendiluze kultura eta hezkuntza dinamizatzailea; Sara Arruabarrena berdintasun teknikaria; Nerea Arregi gizarte zerbitzuetako teknikaria; Arantza Aguado euskara teknikaria; Ixiar Olano jarduera fisiko eta kirol teknikaria; Hilario Dorronsoro sustapen ekonomikoa, enplegua eta gazteria saileko teknikaria; Iñigo Muñoz udaleko informatikaria; Aitziber Cenzano eta Igor Eguren ZITU, digitalizazio prozesuko enpresa-kideak; eta, Lurdes Ubillos Agenda Bateratuko talde eragilea.

 

Premia bati erantzutera datoren baliabidea

Alvarezek adierazi duenez, Andoain herri aberatsa eta mugimendu handiko herria da, eta “guztiok uste duguna baino ekitaldi gehiago burutzen dira, baina gero zailtasunak izaten ditugu antolatzen den hori herritarrek ikusteko moduan jartzeko”.

Hain zuzen premia horri erantzutera dator “Andoain Bai” izeneko app aplikazio informatikoa, mugikorretan eta gainerako gailuetan instalatzeko diseinatu dutena.

Marta Lasak “baliabide zabaleko tresna” izango dela adierazi du. “Hilabetero-hilabetero herrian antolatuko diren ekintzak (antzerkia, musika, hitzaldiak, zinema, auzo-jaiak, kirola, tailerrak...) ikusteko plataforma izango da.

Zehaztu duenez, lehenengo fasean, agenda bateratu horrek udaleko informazioa jasoko du. Behin maiatzean barrena abian jarrita, hemendik hilabete batzuk barru, bigarrengo faseari ekingo zaio, eta orduan herriko gizarte, kultur eta kirol elkartek edukiko dute aukera beren ekitaldi eta ekintzak txartatzeko bertan.

Agenda bateratuaren ideia prozesu luze baten emaitza izan dela gogorarazi du Lasak. “Orain bi urte kultur mahaian, udal ordezkariak, udal teknikariek eta herriko eragileak bat etorri ziren agenda bateratu baten premia diagnostikatzerakoan”. Alde horretatik, eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten udal teknikari, herri eragile eta informatikari eta diseinatzaileei.

 

Hiru dimentsiotako agenda bateratua

Hiru dimentsioetako agenda bateratua izango dela adierazi Lasak.

Batetik, euskarri fisikoa izango da, esku-orria, alegia. “Oso euskarri garbia eta argia da, zerbait praktikoa izatea egin nahi izan dugu, herritarren eskura egongo dena. Horretarako, zazpi lekuetan ipiniko da, hartzeko moduan: Urigain kultur etxean, Anbrosia Olabide eraikinean, Gazte Lokalean, Atarian, Basteron, Liburutegian, eta, azkenik, Allurralde kiroldegian”.

Baliabide digitalarekin dute zerikusia bigarren eta hirugarren dimentsioek. Batetik, andoainbat.eus web orria. Eta bestetik, “Andoain Bat” app aplikazioa izango da; horretarako, eskaneatu daiteke QR kodea aplikazioa deskargatzeko. Hain zuzen, Lasak adierazi du oso erraza eta praktikoa dela App aplikazio hori deskargatzea. Praktikotasunaren ideia azpimarratzkeo asmoz, Lasak erakustaldi txikia egin du udaletxeko pleno aretoko pantailan (ikus agerraldiaren bideoa).

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!