Un mundo recobrado
Uruguayko Laura Bondarevsky egilearen memoria-begirada intimo eta emozional batetik berreraikitzen du dokumentalak.
74 minutuko iraupena duen ikus-entzunezkoaren ostean zuzendariarekin eta Gloria Vergesekin solasaldia izango da.
Filmaren sinopsiak hala dio: “Mundu hori berreskuratu behar dut, hau aldatzeko", dio Laurak. Gero, oroitzapenen, gutunen, lagunen, pianoaren, mendiaren eta elurraren eskutik, bere adopziozko amonak (Yenia Dumnova) hil arte bizilekua izan zuen etxea topatu nahi du. Atzera begirako bilaketa da, berreraikuntza historiko eta afektiboa, zatiz, memoriaz, dokumentuz eta fikzioz egina. Yeniaren historia sekretua argitzen duen bitartean, bere konpromisoagatik, sentiberatasunagatik eta osotasun etikoagatik miretsita, Laurak norberarena berreskuratuko du: erbestearekiko harremana, denbora, familia, artea, helduaroa eta heriotza. Ibilbide emozionalean, batzuetan fikzionatua, beste batzuetan Laura Paredesek kontatua, Yeniaren bizitzan zehar, ezagutu zutenen kontakizunekin topo egiten du egileak. Egiazki, XX. mende nahasi hartan bisitatu izan zutenetan hark eragin izan zien harridura eta maitasun berarekin gogoratzen dute, bera, SESBetik iritsi orduko dama errusiar bat, alegia”.
Este fue nuestro castigo
Luis Cintora zuzendari peruarra Basteroko auditorioan bertan izango da; berak aurkeztuko du 88 minutuko iraupena duen Este fue nuestro castigo filma, eta ondoren ikusleen galderei ere erantzun ahal izango die.
Sinopsiak dioenez, “Sendero Luminosok Peruko Estatuaren aurkako borroka armatua laurogeiko hamarkadaren hasieran hasi zuenean, Huallako goi andetar komunitatea bere lehen eremu “askatuetako” bat izatera igaro zen. Baina Huallak laster ordainduko zuen oso kostu handia, subertsioaren euskarri bihurtu zelako. Indarkeria amaitu eta 30 urtera, biztanleek oraindik min egiten duen iraganari buruzko isiltasuna hausten dute”.
Balioen eta giza eskubideetan hezteko zinemaldia
Balioetan eta giza eskubideen eta aniztasunaren ezagutzan hezteko EAEko hiru lurraldeetan antolatutako zinema-jardunaldiak dira. “Aniztasuna ospatu eta zinearen bidez zabaltzeko asmoz eta harrotasunez sortutako zinema erakusketa” da antolatzaileen esanetan.
Aipatu zinemaldia Emigrados Sin Fronteras GKEk antolatu du, eta EAEko hainbat erakunde publikoen babesa dauka, hain zuzen Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari atxikitako Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren Sailburuordetzaren laguntza dauka. Aldi berean, Mungia, Arrigorriaga, Igorre (Bizkaia), Amurrio (Araba) eta Andoaingo (Gipuzkoa) udalen lankidetzarekin egin da.