Beterri Saretuz sarearen baitan kokatzen zarete. Zer da Beterri Saretuz eta zer helbururekin sortu zen?
Beterri Saretuz eskualdeko enpresa, kooperatiba eta eragile ezberdinek osatutako elkarlan-sarea da. Helburua da tokiko garapen ekonomiko eta soziala ikuspegi eraldatzaile batetik sustatzea, Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri hartuta.
Zer balio partekatzen dituzue sarean?
Elkarlana, konpromiso soziala eta erabakiak modu parte-hartzailean hartzea dira ardatzetako batzuk. Sarean gauden eragileok sektore eta tamaina desberdinetakoak gara, baina badugu ikuspegi komun bat: ekonomia tresna bat dela gizartea eraldatzeko.
Zer ekarpen egiten dio sareak eskualdeari?
Batetik, tokiko jarduera ekonomikoa indartzen du, bertako enpresen arteko harremanak eta sinergiak sustatuz. Bestetik, bestelako eredu ekonomiko bat existitzen dela eta martxan dagoela ikusarazten du. Gainera, proiektu bateratuak sortzeko eta ezagutza partekatzeko espazioa eskaintzen du.
BIRA PRODUKZIOAK, zein da zuen jarduna?
Ikus-entzunezko kooperatiba-ekoiztetxe bat gara, eta, nagusiki, enkarguzko bideogintza lanetan aritzen gara. Tarteka, guk geuk sorturiko ikus-entzunezko proiektuak ere sortzen ditugu, laburmetrai, fikzio edota dokumentalak kasu. Egunerokoan gidoigintza, errealizazio, grabazio eta edizio lanetan aritzen gara, udaletxe, enpresa-kooperatibo edota eragile kulturalentzat, euskaraz, eta, bizitza zentruan jartzen duen ekonomia baten alde eginez.
Nola islatzen dira Ekonomia Sozial Eraldatzailearen balioak zuen eguneroko praktikan?
Alde batetik, lan jardun eta antolakuntzari dagokionean, langileon bizigarritasuna, erabakietan parte-hartzea eta inplikazioan jartzen dugu fokua. Bestetik, sortzen ditugun ikus-entzunezkoak inklusiboak, berdinzaleak eta euskaltzaleak izan daitezen saiatzen gara, gertuko komunitatean eragiteko asmoz. Azkenik, kooperatibismoaren eta Ekonomi Sozial Eraldatzailearen printzipioetako bat interkooperazioa denez, gure sektoreko beste kooperatiba batzuekin elkarlanean aritzen gara hainbat proiektutan.
Zergatik erabaki zenuten Beterri Saretuz sarean parte hartzea?
Sarean egoteak aukera ematen digu antzeko balioak dituzten beste eragileekin harremana izateko, elkar ezagutzeko eta proiektu partekatuak sortzeko.
Zer ematen dizue saretzeak? Eta zer ematen diozue zuek sareari?
Saretzeak babesa, konfiantza eta ikaskuntza partekatua ematen dizkigu. Beste eragileen esperientzietatik ikasten dugu, eta lankidetza aukera berriak sortzen dira. Guk, gure aldetik, gure esperientzia, jakintza eta konpromisoa jartzen ditugu sarearen zerbitzura.
* Beterri Saretuz-ek eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri duten eragileak ikusarazten jarraituko du datozen hilabeteetan. Helburua argia da: badagoela bestelako ekonomia eredu bat erakustea, komunitatearekin lotura estua dutenak.