Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak, Ines Azpiazu 650 Usurbil Bizi proiektuko gidariak eta Jakoba Errekondo agronomoak eman zituzten jakitera, maiatzean barrena, “Euskararen eta artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago” izenburupean antolatu dituzten ekitaldiak, Potxoenea kultur etxean atzo egin zuten agerraldian.
Solabarrieta alkateak gogoratu zuenez, “Joxean eta Jexux Artze anaiek eta Felix Aizpurua tarteko, antolatu zuten omenaldia, 1966ko maiatzaren 22an. Remigio Mendiburuk egindako Juan Jose Alkain “Udarregiren” (1829-1895) omenezko eskultura inauguratu zen. Baina ekitaldi hura inaugurazio hori baino gehiago izan zen, ordea, eta bestelako ekintzak ere antolatu ziren: idazketa lehiaketa bat, bertso saioak, antzerki emanaldiak, eta abar. Inaugurazioaren ondoren, bazkari bat izan zen, eta bazkalondoan, Rikardo Arregik hartu zuen hitza: euskararen eta euskal kulturaren aldeko lanean burubelarri murgildua zen ordurako”. Rikardo Arregik egun hartan egindako hitzartzea “euskara batua eta euskal estatu baten alde egindako diskurtso gogoangarria” izan zela nabarmendu zuen.
“60 urte pasatu diren arren, gaurkotasun handiko hitzak dira, egun euskarak bizi duen jazarpen eta oldarraldiari erreparatzen badiogu”, gaineratu zuen Solaberrietak. Mintzaldi hura testuinguru zail batean egin zuela gehitu zuen: “frankismo betean, zentsurari iskin egitea ez zen erraza. Garai horretan bor-borka zegoen mugimenduaren beste adibide bat izan zen”. Solabarrietaren ustez, Euskal Herrian izan zen kultura eztandaren lekuko izan zen Usurbil, eta Usurbilek lotura estua eduki zuen Ez Dok Amairu euskal kulturaren berpizkundea bideratu zuen mugimenduarekin: “Herriko bi seme, Artze anaiak, mugimendu horren parte izan ziren, eta partaide gehiagok ere bere arrastoa utzi zuten Usurbilen, Mikel Laboak eta Remigio Mendiburuk kasu. Artea ez ezik, historia ere gordetzen dute gure herriko kale eta txokoek, eta hori guztia balioan jarri eta gaur egunera ekarri nahi dugu”.
Artea eta euskara, uztartuta
Arteak eta euskarak pisu nabarmena izan zutela garai historiko hartan, eta 60 urte geroago, arreta horietan jartzeko egitaraua prestatu dutela azpimarratu zuen.
Hona prestatu dituzten ekitaldiz beteriko bi egunetako egitaraua:
* Maiatzak 15, 19:00, Sutegin:
- Film emanaldia: “Oteiza 14 apostolu”.
- Solasaldia: Oskar Alegria (filmaren zuzendaria) eta Jaione Apalategi (Jorge Oteiza Fundazioko patronatuko presidentea). Sarrerak (6 €;4 € Noaua!-ko bazkideentzat),. Sarrerak hemen: usurbilkultura.eus.
* Maiatzak 22, 18:00, Sutegin:
- Film emanaldia: “Zutik”.
- Naiz Irratiak zuzenean gidatutako solasaldia: Ainara Mendiola (filmaren zuzendaria), Ismael Manterola (Arte Ederren Fakultateko dekanoa) eta Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia).
- Itxiera, Remigio Mendibururen eskulturan: Maialen Lujanbio eta Jakoba Errekondo. Gonbidapenak (doan), hemen: usurbilkultura.eus.
Oskar Alegria zinemagilearen azken lana da maiatzaren 15ean proiektatuko den Oteiza 14 apostolu. Alegria bera Usurbilen izango da Jaione Apalategi Jorge Oteiza Fundazioko patronatuko presidentearekin. Haiekin solasaldia izango da, emanaldiaren ostean.
Alegriak artearen eta kulturaren arloko 14 pertsonarekin testigantzekin osatu du filma. Oteizaren ideien inguruko friso kolektibo bat osatzea izan da bere asmoa; besteak beste, hartu dute hitza Maialen Lujanbiok, Bernardo Atxagak, Richard Deaconek, Jaione Apalategik, Kepa Akixok eta Esther Ferrerek. Oteiza bera 1966ko omenaldi-ekitaldi hartan izan zen, eta urte horretan bertan sortu zen Gaur taldeko kidea izan zen.
Maiatzaren 22an egingo den ekitaldiak, berriz, hiru zati izango ditu. Lehenbizi, Rikardo Arregiri buruz Ainara Mendiolak zuzendutako Zutik filma (2019) emango da. Ondoren, Naiz Irratiak zuzenean gidatutako solasaldia izango da Mendiola berarekin, Ismael Manterola Arte Ederren Fakultateko dekanoarekin, eta, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiarekin. 1966ko ekitaldian esandakoak eta egindakoak ekarriko dituzte gogora, eta gaur egunera arte egin den ibilbideaz arituko dira hizketan.
Maiatzaren 22ko jardunaldiari amaiera emateko, Mendibururen eskulturan, Jakoba Errekondok azalpenak emango ditu eta Maialen Lujanbio bertsoetan ariko da. Gogoratu behar da Lujanbiok “Soinu ak zeinuak ak soinu” erakusketa ipini duela Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan egunotan, alfabetatugabea zen Udarregi bertsolariaren idazteko modua gaitzat hartuta.
Jakoba Errekondo Rikardo Arregi sarietan
Errekondok hitza hartu zuen atzo Usurbilgo Potxoenea kultur etxean egindako agerraldian. Ekitaldien edukiak aztertu zituen pittin bat. Berak egin beharrekoari dagokionez, zera esan zuen: “sutegitik abiatu eta Udarregiren eskulturara abituko gara. Bidean, paisaiari buruzko azalpena batzuk emango ditut nik, besteak beste, garai hartatik hona ze aldaketak eman diren, panorama nola aldatu den, eta, oraindik ze gauzak ikusi ditzazkegun ordukoak".
Ondoren helduko den Lujanbioren bertso-saioaren gainean, hark Zumalakarregi museoan jarri duen erakusketa gogoratu zuen Errokondok: "Udarregiren idazkera eta alfabetoa ardatz izanik, artxibo moderno bat ulertzeko proposamena egiten du Lujanbiok Ormaiztegiko museoan. Izan ere, Udarregi alfabetatu gabeko pertsona zen, eta alfabeto berezi bat asmatu zuen. Artikula Txiki baserrian zenean, bertsoak burura etortzen zitzaizkionean marra batzuk egiten zituen horman; hor uzten zituen apuntatuta bertsoak. Gero, tarteka, herriko idazkaria eramaten zuen, eta hormari begira kantari hasten zen, hark idatzi zitzan”.
Errekondok Ohorezko Mugarria jaso zuen iazko azaroaren 27an Basteron ospatu zen Rikardo Arregi Kazetaritza sarien ekitaldian.
Basteroko auditorioan izan ziren hitzartze ugariren artean, nabarmentzekoa da Errekondok entzuleengan eragin zuen une hunkigarria. Izan ere, Rikardo Arregik Usurbilekin daukan harreman estua gogorazi zuen. "Udarregi bertsolaria omentzeko Usurbilen 1966an egin zen ekitaldian, Arregik euskararen inguruan egin den hitzaldirik onena" egin zuela esanez batera eten behar izan zuen mintzaldia, erabat hunkituta, Errekondok. Segidan, Arregik orduan bildutako euskaltzaleei helarazi zizkien hiru mezuak gogorarazi zituen Errokondok Basteron (mintzaldia, osorik bideoz, hemen).
650 Usurbil Bizi turismo proiektua
2022an abiatu zen 650 Usurbil Bizi turismo proiektua, Solabarrietak gogoratu zuenez Potxenea kultur etxean egindako agerraldian: “Herriaren identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza proposatzen du. Hain zuzen ere, turismo eskaintza honen egilea ez da turismo agentzia bat, herriko eragileak baizik. Azken batean, Usurbil ezaugarritzen duen oro bisitariei ezagutarazteko tresna izango da, modu parte hartzailean eraikia izan dena”.
Herriko eragileekin partaidetza prozesu bat egin ostean, hamalau Usurbil identifikatu zirela erantsi zuen alkateak. Horiek dira: Usurbil Museo Irekia, Zaintzaren Usurbil, Ez Dok Amairuren Usurbil, Zero Zabor Usurbil, Euskararen Usurbil, Sagardoaren Usurbil, Errioaren Usurbil, Memoria Historikoaren Usurbil, Ondarearen Usurbil, Alkartasuna Kooperatibaren Usurbil, Errebotearen Usurbil, Angularen Usurbil, Txalapartaren Usurbil eta auzo-herrien Usurbil.
650 Usurbil Bizi egitasmoa abiatu zenetik, batik bat, bisita gidatuak sortu eta martxan jarri direla herritarrekin elkarlanean, gaineratu zuen Solabarrietak.
Horiekin batera, beste hainbat proiektu gauzatu izan dira alkatearen esanetan: "webgunea eta telefonoetarako app bat sortu zen, Jose Luis Zumeta zenaren murala zaharberritu eta bi erakusketa antolatu ziren, Xumetik izenburupean haren omenezko herri jaialdia antolatu zen, Oskar Alegriak 'Zumeta 23' ikus-entzunezko pieza sortu zuen, eta herriko kultur sortzaileen eta nekazarien produktuak banatzen dituen Gabonetako 650 Usurbil Bizi otarrak jarri dira martxan".



