Iragarri dute udaberriko bonuen kanpaina

Aiurri 2026ko maiatzaren 8a

Udal ordezkari politikoek, udal teknikariek eta Salkineko kideek gaur aurkeztu duten kanpaina berriak 50€ko 2.500 bonu jarriko ditu salmentan. Maiatzaren 14 eta 15ean tiketen banaketa egingo da, eta maiatzaren 18tik 22ra bonuen salmenta. Agerraldia, bideoz ikusgai behean.

Agerraldian izan dira Andoni Alvarez alkatea, Aritz Alkain (PSE-EE), Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Ahal Dugu-Podemos) ordezkari politikoak, Hilario Dorronsoro eta Manu Segovia udaleko enplegu eta sustapen saileko teknikariak, eta, Salkin Andoaingo merkatarien elkarteko Marijo Irartorza dinamizatzailea eta Maripi Herce (Xare oinetakoak), Gema Arratibel (Amantegi mertzeria) eta Jone Etxeberria (Xixori belardenda) kideak.

Adierazi dutenez, “DENA DA. Zuretzat denda bat dena, gure herriarentzat dena da" ekimenaren baitan sartzen dira erosketa bonu horiek, eta Andoaingo merkataritza, ostalaritza eta beste zerbitzu batzuk suspertzea dute xede.

Zehazki, 50€ko 2.500 bonu salmentan jarriko dira. Maiatzaren 14 eta 15ean tiketen banaketa egingo da, eta maiatzaren 18tik 22ra bonuen salmenta.

 

Data ezberdinak, kontuan hartzekoak

Tiketen banaketari dagokionez, maiatzak 14an eta 15ean (edo agortu arte) egingo dira. Gogoan hartu behar da bonu bat erosteko aldez aurretik tiketa hartu behar dela.

Halaber, gehienez bi tiket banatuko dira pertsona bakoitzeko. Bonuan salmenta, berriez, maiatzaren 18tik 22ra (edo agortu arte) izango da.

Bonu bat eskuratzeko nortasun agiria eta tiketa erakutsi behar dira, eta gainera, kreditu txartelarekin egin beharko da ordainketa.

Tiketen banaketa eta bonuen salmenta, biak ere Salkin elkartean egin beharko dira, Agustin Leitza 11 kalean, 10:00-14:00/16:30-20:00 ordutegiarekin.

 

Koloretako bonuak

Bonu bakoitzak 10€ko bost txartel izango ditu berarekin (5€ko bi zatitan banatuta), eta zerbitzu desberdinak bereiziko dituen koloreetan sailkatuko dira.

* Berdea (elikadura eta ostalaritza): okindegiak, harategiak, arrandegiak, frutategiak, gozotegiak, gozoki-dendak, tabernak, jatetxeak, eta, kafetegiak.

* Laranja (moda): oinetakoak, osagaiak, kirol-dendak, mertzeriak eta bitxitegiak.

* Urdina (zerbitzuak eta bestelako txikizkako merkataritza): ile-apaindegiak, estetika, masajeak, fisioterapia, farmaziak, parafarmaziak, dentistak, podologia, optikak, belar-dendak, lurrindegiak, drogeriak, liburu-dendak, kopistegiak, papertegiak, bidaia-agentziak, aholkularitza, lora-dendak, iturgintzak, kristaldegiak, dekorazioa, burdindegiak, elektrogailuak, estankoak, tindategiak, informatika, auto-eskolak, aseguru-etxeak, argazki-dendak...

* Horia (orokorra): establezimendu guztietan erabili ahal izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!