Jose Luis Lopez de Lacalle gogoan hartu dute

Aiurri 2026ko maiatzaren 9a

Senideek, lagunek, herritarrek eta PSE-EEko hainbat ordezkarik omendu dute bere izena daraman parkean. Lore eskaintza egin dute bere oroimenez bertan dagoen monolitoan. Ostegunean 26 urte bete ziren ETAk hil zuela.

Maider Lainezek hartu du hitza, eta adierazi du “Lopez de La Calle diferente pentsatzeagatik” hil zutela. “Bere ideiak lumarekin eta hitzarekin defendatzen zituen, eta pentsalari askea zen”.

Ondoren esan du “terrorismoak damua eta mina” besterik ez duela ekarri, eta ez zuela inoiz eduki “ez zentzurik ez justifikaziorik. Hori denok ozen, argi eta garbi esan beharko genuke, eta Andoainen eta Euskadin zer gertatu zen gazteek jakin beharko lukete”.

“Biolentziaren zentzugabekeria oraindik esan ez dutenei”, eskatu die ausartak izan daitezela eta aitor dezatela “hilketa bakar bat ere ez zela gertatu behar. Etorkizuna lantzeko eta bizikidetza-giroan bizitzeko, orria pasa bai, baina beti esaten dugun bezala, hemen gertatutakoa irakurri ondoren, bestela ez du zentzurik”.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!