[Babestutako edukia]

“Aztiker: Ekonomia beste modu batean egitea posible dela erakusten digu Beterri Saretuz sarearen parte izateak”

Aiurri 2026ko maiatzaren 15a

Lantaldea, Martin Ugalde Kultur Parkean.

Beterri Saretuz sareko kide den Aztikerrek elkarlanaz, Ekonomia Sozial Eraldatzaileaz eta eskualdean sustraitutako jardunaz hitz egin du.

Beterri Saretuz sareko kide zarete. Zer da Beterri Saretuz?

Beterri Saretuz eskualdeko enpresa, kooperatiba eta eragile ezberdinek osatutako elkarlan-sarea da. Helburua da tokiko garapen ekonomiko eta soziala ikuspegi eraldatzaile batetik sustatzea, Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri hartuta.

Zer balio partekatzen dituzue sarean?

Elkarlana, konpromiso soziala, erabakiak modu parte-hartzailean hartzea, lan duina sustatzea eta lurraldearekiko lotura estua dira ardatzetako batzuk. Sarean gauden eragileok sektore eta tamaina desberdinetakoak gara, baina badugu ikuspegi komun bat: ekonomia tresna bat dela gizartea eraldatzeko.

Zer ekarpen egiten dio sareak eskualdeari?

Batetik, tokiko jarduera ekonomikoa indartzen du, bertako enpresen arteko harremanak eta sinergiak sustatuz. Bestetik, bestelako eredu ekonomiko bat existitzen dela eta martxan dagoela ikusarazten du. Gainera, proiektu bateratuak sortzeko eta ezagutza partekatzeko espazioa eskaintzen du.

Aztiker, zein da zuen jarduna eta zer egiten duzue egunerokoan?

Aztiker Ikergunea ikerketa soziologikoan eta parte-hartze prozesuetan espezializatutako kooperatiba bat da. 2000. urtean sortu zen, eta gizarte-errealitatea aztertzea eta komunitateen garapenerako aholkularitza eskaintzea du helburu nagusi.

Gaur egun 11 laguneko lantaldea gara. Ikerketa soziologikoak (inkestak, diagnosiak, azterketa demografikoak…), parte-hartze prozesuak eta fazilitazioak, eta aholkularitza eta formazioa eskaintzen ditugu.

Nola islatzen dira Ekonomia Sozial Eraldatzailearen balioak zuen eguneroko praktikan?

Gure kasuan, balio horiek hainbat modutan gauzatzen dira: (adibidez) gobernantza parte-hartzailea, langileen inplikazioa erabakietan, irabazien berrinbertsioa proiektuan, genero berdintasunarekiko konpromisoa, ingurumen irizpideak, komunitatearekiko elkarlana… Saiatzen gara ideia horiek gure antolaketan eta lan egiteko moduan txertatzen.

Zergatik erabaki zenuten Beterri Saretuz sarean parte hartzea?

Sarean egoteak aukera ematen digu antzeko balioak dituzten beste eragileekin harremana izateko, elkar ezagutzeko eta proiektu partekatuak sortzeko.

Zer ematen dizue saretzeak? Eta zer ematen diozue zuek sareari?

Saretzeak babesa, konfiantza eta ikaskuntza partekatua ematen dizkigu. Beste eragileen esperientzietatik ikasi eta lankidetza aukera berriak sortzen dira.

Zein erronka eta aukera ikusten dituzue eskualde mailan?

Erronka dezente izango ditugu seguruenik. Tartean egon daiteke lan baldintza duinak bermatzea, orain arte ezagunak izan diren komunitate-ehunen ahultze edo birdefinizioa, digitalizioak eta adimen artifizialak izango duen inpaktu globalak ere eragingo du…

*Beterri Saretuz-ek eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailea oinarri duten eragileak ikusarazten jarraituko du datozen hilabeteetan, hedabide lokalen bidez eta elkarrizketa sorta honen bitartez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!