Hiru hamarkada haurren begiradak, irribarreak, eta baita beldur pixka bat ere, eragiten

Aiurri 2026ko maiatzaren 15a

“Lebiton eta gure pertsonaiak” izeneko erakusketaren irekitze ekitaldia egin zuten Basteron, atzo. Lebiton konpartsaren hiru hamarkadetako (1996-2026) ibilbidea biltzen du erakusketak, hainbat erraldoi eta buruhandiekin, zuzen suzkoekin, marrazkiekin, argazki historikoekin, testu jakingarriekin eta beste hainbat objetu ikusgarriekin Argazki-sorta ikusgai (bideoa, behean).

Marta Lasa kultura zinegotziak hartu zuen hitza erakusketaren irekitze ekitaldian. Erakusketa atondu duen Itsaso Mendiluzeri eta erakusketa osatzeko laguntza eman duten Kepa Sarasolari eta Mari Gutierrezi eskerrak eman ostean, “Lebiton eta gure pertsonaiak” Andoaingo ondarea eta historia azpimarratzen duen erakusketa dela adierazi zuen.

“Gure festetan kaleak alaitu dituztenen historia eta ibilbidea andoaindarrei gerturatzen” saiatu dela erakusketa erantsi ondoren, Lebiton konpartsa abian jarri zuen Kitto Gazte Kolektiboa hartu zuen hizpide, “1992an, Udalak onartu egin zuen Kitto Gazte Kolektiboak egindako proposamena, konpartsa berri baten sorrera bideratze aldera”. Kitto kolektiboak 1992an jarritako hazia Kittok idatziz 1992an egin zuen proposamena irakurri zuen: “Andoaingo seme-alaba ospetsu nahiz gizataldeak islatzen dituen konpartsa egitasmo honekin, konpartsa ikuskizun handi, eder, bizi eta alaia sortzea da gure helburua. Bide batez, Andoaingo txistulari eta dultzainero gazteei kalean jotzeko aukera eskainiko genieke, konpartsaren festa handi horretan partaide izanik”.

30 urte igaro dira geroztik, eta Lasak adierazi zuen pozgarri dela gaur egun bizirik mantentzea orduko proiektu haren ilusioa eta arima, “horretxegatik, eskerrik beroenak eman behar dizkiegu konpartsako kide guztiei”.

 

Lebiton, tradizioaren transmisioari eutsita

Lebiton konpartsaren izenean, Rober Brosak hartu zuen hitza ondoren. Eskerroneko agertu zen Udaleko Kultura Sailarekin, eta bereziki, Itsaso Mendiluzerekin, “erakusketa hau gustuz eta goxotasunez antolatzeagatik; guretzat, gure pertsonaiak horrela ikustea, herritarren eskura eta patxadaz gozatzeko aukerarekin, ohore handia da”.

Erakusketan ikusgai ipini diren buruhandi eta erraldoiei begira, hona zer adierazi zuen Brosak: “Normalean, kalean ikusten gaituzue, mugimenduan, musikarekin eta zarata artean. Baina gaur, erraldoi eta buruhandi hauek geldirik daude. Horrela, hobeto ikus ditzakezue zeintzuk diren bakoitzaren berezitasunak, eta baita, atzean duten historia ere. Guretzat, panpina hauek ez dira egurra eta oihala soilik; Andoaingo herriko kulturaren zati bat dira, eta gure lana horiei bizia ematea da, belaunaldiz belaunaldi”.

Transmisioa azpimarratu nahi izan zuen Brosak, segidan. “Gure erronka eta ilusio nagusia, hain zuzen ere, horixe da: transmisioa. Erreleboa hartu dugu lehengoengandik, eta gure asmoa bide horretan jarraitzea da, tradizio honek bizirik jarrai dezan, gure erraldoi eta buruhandiek dantzan jarrai dezaten eta herriko haurrek gurekin gozatzen jarraitzeko aukera izatea”. 

Haurrak izan zituen gogoan Brosak bereziki. “Erraldoi baten barruan sartzen garen bakoitzean, edo buruhandia janzten dugunean, herriko haurren begiradak eta irribarreak (baita beldur pixka bat ere!) bihurtzen dira gure motorra. Erakusketa honek gure taldearen lana eta ilusioa ere erakusten ditu”.

“Laster berriz ere kalean ikusiko dugu elkar, dantzan eta herria girotzen. Mila mila esker guztioi eta gora Lebiton!” esanez amaitu zuen hitzartzea Rober Brosak.

 

Andoain eta konpartsen kultura

Erakusketa ez da mugatzen Lebiton konpartsaren hiru hamarkadako historia kontatzera. Hortik haratago, Andoainen eta Euskal Herrian buruhandi eta erraldoien konpartsen kulturari luzatzen dio begiratua, eta Andoainen pausatuta, 80ko hamarkadan eta aurrekoetan kaleak girotzen zituzten pertsonaiak eta horien eragileak hartzen ditu kontutan.

Horrela, gorazarre egiten zaie 80ko hamarkadan herriko kaleetan festa-giroa zabaldu zuten Aitona eta Amona erraldoiak eta Marinela, Cantinflas, Argala eta Lodia, Gizona, Groucho Marx eta Tximino Beltza buruhandiak. Edota, eta 1986an, Eduardo Arresygor artistak egin zituen Mari eta Basajaun erraldoiak.

Horiek festaz festa biziberritzen zituzten Gazteleku La Salle elkartea edo Akelarre Parrokia taldea, eta dultzaineroak zein txistulariak ere hartzen ditu gogoan.

Aldi berean, konpartsetako pertsonaiak kaleratzeko orduan iturri izan den Euskal Herriko mitologian murgiltzen da erakusketaren zati bat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!