Palestinarrak beren lurretatik kanporatze-hasieraren 78. urteurrena gogoratu dute

Aiurri 2026ko maiatzaren 16a

Palestinarrentzat hondamendiaren hasiera izan zen 1948ko Nakba kanporatze kanpaina gogoratzeko eta salatzeko, zenbait herritar N1eko Bazkardoko pasabidean bildu ziren atzo goizean, Israelen aurkako boikota bultzatzen duen Andoaingo BDZ taldeak deituta.

Atzera begira jarrita, gogorarazi zutenez, “1947ko azaroan NBEk palestinarrek inoiz onartu gabeko Zatiketa Plana onartu zuen. 1948an milizia sionisten sarraskien ondoren, Israelgo Estatuaren aldebakarreko sorrera eta britainiar okupatzaileen irteera gertatu ziren. Ehunka mila palestinarrek euren lurrak atzean utzi behar izan zituzten eta kanporatze kanpaina hura Nakba izenez ezagutzen da, hondamendia arabieraz. Ekintza deliberatua eta sistematikoa izan zen”.

“1947 eta 1949 artean, Israelgo Estatuak eta estatu aurreko milizia sionistek 750.000 eta 1.000.000 palestinar artean erbesteratzera behartu” zituztela gehitu zuten atzoko ekitaldian. “Gutxi gorabehera 150.000 palestinar geratu ziren 1948an Israelen mugen barruan geratu zen lurraldean, haietako asko barne-desplazatuak. Gaur egun ere, bigarren mailako bizi-kalitatea dute beren lurraldean, juduak ez izateagatik diskriminatzen dituzten lege arrazista ugariren menpe. Nakbaren garaian, milizia sionistek eta ondoren Israelgo indarrek sistematikoki suntsitu zituzten gutxi gorabehera 530 palestinar hiri eta herri, aurretik erbesteratutako errefuxiatu palestinarren itzulera eragozteko. Zutik geratu ziren etxe asko judu-israeldar kolonoekin birpopulatu zituzten”.

Gaurko egunera etorrita, gogorarazi zuten gutxi gorabehera zortzi milioi palestinar errefuxiatu daudela Palestinako lurralde okupatuan eta inguruko herrialde arabiarretan, hala nola Libanon, Jordanian eta Sirian. “Israelgo apartheidak etengabe ukatu die etxera itzultzeko eskubidea, NBEk aitortuta, soilik juduak ez direlako”.

Azkenik, “boikotaren tsunamiari” bultzada emateko deia zabaldu zuten, “Israelgo proiektu koloniala bideraezina litzateke kanpotik jasotzen duen babes politiko, ekonomiko eta militarragatik izango ez balitz. Hel diezaiogun dagokigun erantzunkizunari”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!