Nazioarteko bi talde, estatuko bi talde eta Euskal Herriko bost, guztira bederatzi taldek osatuko dute ekainaren 13ko rock egunak. Horiekin, musika zaleek punk-rock, shoegaze, jazz-rock, garage-pop, funkrock eta brioche-pop doinuak entzungo dituztela adierazi zuten Basteron atzo egin zuten aurkezpenean.
Bertan izan ziren Marta Lasa kultura zinegotzia, Diego Barrasa (EH Bildu) eta Aritz Alkain (PSE-EE) zinegotziak, Iker Apaolaza kultur teknikaria, Marcos Garcia eta Juancar Garcia Blody Mary musika-ekoiztetxeko ordezkariak, eta Maider Beristain (Katiuskak) eta Oihane Bengoetxea (Iiingles) musikariak.
Aperitif-ean hiru euskal talde
Euskal Herriko hiru taldek osatuko dute eguerdiko “Aperitif” saioa: Iiingles (Zumea plaza, 12:00), Katiuskak (Plaza Morea, 13:00), eta Barrrk (Goikoplaza, 14:00).
Katiuskak, pop eta pospunk
Maider Beristainek (bateria), Leire Kortaxarenak (baxua eta ahotsa) eta Garazi Ziluagak (teklatua eta ahotsa) osatzen dute Plaza Morean joko duen Katiuskak.
Aurkezpenean izan zen Maider Beristain Txini-k adierazi zuenez, pop eta postpunk ukituak dituzte beren abestiek.
Nahiko sortu berria da formazioa, eta hiruzpalau kontzertu eman dituzte, Gasteizen azkenekoa. “Zortzi abesti sortu ditugu oraingoz, eta denboraz ez ditugu gehiegi luzatzen kontzertuak. Hirorik ere oso pozik gaude orain arte egindako bidearekin; zuzenekoetan daukagun guztia ematen dugu, eta publikoak, ordainean, berotasuna eta maitasuna transmititu izan digu beti, ezin gara kexatu”. Katiuskak taldeak hiru abesti grabatu ditu Bilboko Audiogela estudioan, Ibon Aguirrerekin, 2026ko otsailean. Berriki. Entzungai, hemen.
2025eko maiatzean Zarauzko Hiruputzu gaztetxean, EHGAM Gipuzkoak antolatutako Tuli-tuli fest-en egin zuen lehenbiziko kontzertuko abesti bat (Buruko lainoa), hemen:
Iiingles, rock, pop eta punk nahasketa
Sei partaideko formazioa da Iiingles: Pilar Blanco Alonso (gitarra eta ahotsa), Maider Peluaga Lopetegi (gitarra), Martina Cabezon Virto (sintetizadorea eta hotsa), Itzi Bazterretxea Seijo (pandereta eta ahotsa), Ane Arbelaitz Sarasola (bateria), eta Oihane Bengoetxea Gartzia (baxua).
2020an Hondarribiko Psilocybe elkartean sortutako musika taldea da Iiingles. “Gure barneko ezinegon eta jakin-minak bultzatuta” bildu zituztela indarrak adierazi zuen Basteroko aurkezpenean izan zen Oihane Bengoetxeak.
Feminismoaren ikuspegitik abiatuta, emakumeez osatutako rock taldeak, edo behintzat, emakumeen presentzia nabarmen duten rock taldeak hartu zituztela jomugan, esan zuen; The Bangles izan daiteke erreferentziazko banda horietako bat. “Hasieran, emakume edota genero disidenteen presentzia duten taldeen bertsioak jotzen hasi ginen, bizi garen gizarte heteropatriarkal honetan isilarazi eta zapaldutako kolektibo eta ahotsei lekua eman eta oholtzan ikusgarri egiteko asmoz”.
Bengoetxeak jarraitu zuen esanez indar kolektibotik sortzen dutela taldeko kideek, “elkar zaintza eta konfiantza gure oinarria izanik. Oholtzan zein oholtzatik kanpo, transfeminismoa ardatz, historikoki gizon cis-ek okupatutako espazioak bereganatu, eraldatu eta eredu bizigarriagoak sortzen jarraituko dugu!”.
Azken hilabeteetan taldeak eboluzioa bizi izan duela gehitu zuen Bengoetxeak, “sorkuntza prozesu batean murgilduta egon ondoren, erreferente horietan oinarritutako pop-punk estiloko kanta propioak sortu ditugu, zuzenekoetan bertsioak eta kanta propioak uztartzeko asmoz”.
Hain zuzen, grabaketa estudioan sartu da taldea azken aldian. “Sei kanta grabatu ditugu Iñaki Irazokiren Berak Atal estudioan. Abesti horien letrek badutela garrantzia taldeko kideentzat, aitortu zuen Beristainek. “Sentimenduetatik eta emozioetatik sortutako hitzak dauzkate abesti horiek. Prozesu baten isla dira, sentimendu batetik bestera igarotzen dira; poztasunetik haserrera, esate batera”. Noraezean abestia, hemen.
Iiingles taldea Errenteriako 2023ko Madalena jaietan, Garazi la Fantasy eta Alicia Kissékin, hemen:
Nafarroa Plazan, sei talde
Maruja
Erresuma Batuko taldea da, “Europako zirkuituan aipamen gehien jasotzen ari den taldeetako bat. Haien proposamenak jazz leherkorra, punka, noise-rocka eta spoken word-a uztartzen ditu, kontzertu bakoitza esperientzia fisiko eta emozional bihurtzen duen intentsitate hipnotikoarekin”.
Lézard
“Post-punk zorrotzaren eztanda” ekarriko du Lezard formazio frantziarrak. Adierazi zutenez, Talking Heads edo The B-52’s gogorarazten dituzten doinuekin, gordintasuna eta melodia inguratzaileak uztartzen ditu taldeak. “Zuzeneko indartsuak eta gaur egungo soinua dira taldearen ezaugarri nagusiak”.
Las Petunias
Rock Jaialdiko kartelaren “alderik lotsagabe eta dibertigarriena” ordezkatzen duela Madrilgo taldeak, ziurtatu zuten. “Letra irreberenteak, punk jarrera eta berehalako melodiak uztartuz, Madrilgo taldea estatuko eszenako proposamen berezi eta freskoenetako bat bihurtu da”.
Paco te quiero
Bartzelonako taldeak “ironia, shoegaze-a eta belaunaldi-sentiberatasuna uztartzen dituzten abesti zuzen eta biziak” eskaintzen ditu. Haien soinua “punketik eta indie emozionalenetik edaten du”.
Exnovios
Taldeak pop, garaje eta psikodeliaren unibertso berezia aurkeztuko du. Kultuzko taldea da eszena independentean.
Silitia
Talde bilbotarrak “Brioche-pop”, rock alternatiboa eta elektronika irreberentea uztartzen ditu bere zuzeneko emanaldietan. “Ikuskizun leherkor eta koloretsua eskaintzeko. Horrez gain, eguerdiko


