Bide Ertzean taldearen aparteko itzulera, 10 urteren ostean

Aiurri 2026ko maiatzaren 16a

Hamarkada bete da Bide Ertzean taldeak bere ibilbideari amaiera eman ziola, eta bere lau kideak -tartean bi andoaindar, Joni Ubeda eta Karlos Arancegui- Antsoainen bildu ziren atzo, kontzertu bakarra eskaintzeko. Andoaingo jarraitzaile ugari eraman zuen berragerpenak hango antzokira. Argazki-sorta eta “Non dira” abestia, ikusgai (behean).

Taldeko kideek Antsoaingo Udalaren gonbidapena jasoa zuten, hango Oroimenaren Astean parte har zezaten, esanez polita izan zitekeela 1936ko errepresio frankistak biktimak oroitzeko taldeak sortu zuen “Non dira” disko ospetsuaren 20. urteurrena ospatzea han. Baiezkoa eman zion taldeak gonbidapenari, eta era horretan, kontzertua prestatzeko bildu dira entseguetan azken asteetan, Imanol Ubeda gitarra-jole eta abeslariak atzo kontzertuan aitortu zuen moduan.

Ubedak, Joni Ubeda (baxua), Joxerra Senperena (pianoa eta akordeoia) eta Karlos Arancegui (bateria) izan zituen bidelagun atzo. Dena esatera, lauetatik soilik Joni Ubeda igo zen oholtzara berriro hamar urteren ostean. Beste hiruek musikaren munduan segitzen dute hainbat proiektutan murgilduta.

Laukoteak “Non dira” diskoa osatzen duten abestiak jo zituen batik bat atzo, baina bere ibilbide luzean sortutako beste hainbat ere biziberritu zituen, Antsoaingo antzokian izan ziren musika zaleen gozamenerako.

Bide Ertzean taldeko Andoaingo jarraitzaileak Joni Ubeda baju-jolearekin Antsoaingo antzokian, kontzertua amaitu ostean

 

Oroimenaren Astea Antsoainen

Egunotan ari dira ospatzen Oroimenaren Astea Antsoainen, Udalak eta herriko memoria elkarteek antolatuta. Ekimenak, kirola, kultura eta memoria demokratikoa uztartzen ditu, 1938an San Kristobal gotorlekutik ihes egin zuten 795 presoek askatasuna lortzeko egin zuten saiakeraren oroimena ipar izanik batik bat.

Beste zenbait ekitaldiren artean, nabarmentzekoa da bihar ospatuko duten La Fuga mendi lasterketaren bigarren edizioa. Ezkaba menditik abiatu eta Urepel herrian amaitzen da 52 kilometroko lasterketa. GR 225 “1938-Ezkabatik Ihesa” ibilbide homologatua jarraitzen du, 1938 maiatzaren 22an 795 preso errepublikanoen ihes hartzen du gogoan, eta hain zuzen, askatasuna lortu zuten hiru presoek egin zuten ihes-bidea.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!