Nola sentitu zarete saria jasotzean?
Oso pozik gaude, ez genuen espero. Ez genuen uste azkenak izango ginenik, ezta lehenengoak ere. Sariak ilusio handia egin digu, baina, sariaz gain, esperientzia oso atsegina izan da. Errepikatzekoa, zalantzarik gabe.
Zuen abestian jorratutako gai nagusia laguntasuna izan da. Zer dela eta erabaki duzue horren inguruan abestea?
Abestian esaten dugun bezala, lagunak bizitzako parte oso garrantzitsua dira. Elkarren artean asko laguntzen gara, eta laguntasunak mantenduko ez bagenitu, ezingo genituzke gauza asko egin. Lagunen beharra dugu.
Zuen abestiaren kasuan, zien uste duzue izan dela saria irabazteko gakoa, letraren lanketa ala base musikalaren aukeraketa?
Letra, zalantzarik gabe. Oso esanahi polita du, eta oso ondo adierazten du guk laguntasunaren inguruan pentsatzen duguna
Saria bideoklip profesional bat egitea da. Badakizue nola egingo duzuen?
Oraindik ez. Baina oso ilusionatuak gaude. Ez dakigu ea noiz grabatuko den, eta ea gaia aukeratzeko aukera izango dugun. Andoain aterako da seguruenik, baina ondo egongo litzateke beste herri batzuk ere azaltzea, adibidez, lehiaketan parte hartu dutenak.
Hala ere, ideia batzuk baditugu. Adibidez, oso polita izango litzateke abestiaren errepika Andoaingo Goikoplazan grabatzea, elizaren ondoan, adibidez.
Zuen kasuan, hainbeste partaide izanik, nola moldatu zarete denen artean abestia osatzeko?
Denon artean antolatu ginen, eta ondo moldatu gara. Lehenengo, bakoitzak bere zatia egin zuen. Ondoren, bakoitzak bere zatia aurkeztu, eta denon artean abestiaren errepika osatu genuen. Beste herriekin alderatuta, gu izan gara partaide gehien izan dituena, eta hori positiboa izan da, ideia desberdinak batuta rapa politagoa baita.
Lehen edizioan parte hartzea, zer nolako esperientzia izan da?
Bai, oso polita izan da. Espero dugu hurrengo urtean parte hartzeko aukera izatea.
Zer moduz moldatu zarete Odei eta Telmorekin?
Oso ondo, asko lagundu ziguten, eta haiengandik asko ikasi genuen. Erritmoa hartzea zaila izan zen, eta Odeik horretan asko lagundu zigun. Odei eta Telmo profesionalak dira, eta haien ekarpenak oso baliagarriak izan dira. Horrez gain, oso jatorrak dira. Finean, rap abesti bat euskaraz egitea oso polita izan da.