Azken erailketa matxistak salatzeko elkarretaratzea deitu dute Goikoplazan

Aiurri 2026ko maiatzaren 20a

Indarkeria matxistak eragindako erailketak salatzeko bilkura zaratatsua deitu du Andoaingo Asanblada Feministak. Deialdiarekin bat egin dut hainbat herrikidek. Amaieran, adierazpena irakurri dute.

70 lagun inguru elkartu da, gaurkoan, indarkeria matxista salatzeko. Goikoplazan izan dira, herritarren artean, Andoaingo alkatea eta EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko hainbat zinegotzi.

Zarata eginez ekin diote bilkurari eta, segidan, adierazpena irakurri dute Asanbladako kide diren Irune Gozalok eta Amaia Agirrek.

INDARKERIA MATXISTAREN AURREAN, PLANTO! SISTEMA ERALDATU ORAIN!

Adierazpena:

"Gaurkoan, haserrea eta samina sakonak dira berriro ere Euskal Herrian. Arguedasen (Nafarroa) 44 urteko emakume baten erailketa matxista gogor salatu nahi dugu Andoaingo Mugimendu Feministatik. Gure elkartasun eta berotasun osoa helarazi nahi diegu eraildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei.

Zoritxarrez, datuek errealitate gordin eta jasanezin bat erakusten digute berriro: 2026. urtea hasi denetik, jada 4 emakume erailak izan dira eta beste bi saiakera izan dira Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz. Lau bizitza erauzi, lau hutsune bete ezinezko gure herrietan. Zenbaki hutsetatik harago, bizitzak dira, eta ezin dugu onartu indarkeria honek etenik ez izatea.

Ozen esan nahi dugu: hau ez da zoratutako gizon baten ekintza isolatu bat. Erailketa hauek izcbergaren punta besterik ez dira. Gaur egungo sistema zisheteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialak sostengatzen eta elikatzen du emakumeon* aurkako indarkeria. Sistema honek hierarkien bidez funtzionatzen du, eta emakumeak eta gorputz disidenteak egoera ahulagoan, zaurgarriagoan eta babesgabeagoan kokatzen gaitu egunerokoan, prekarizazio material eta sozialaren bidez. Indarkeria matxista egiturazkoa da, eta hainbat zapalkuntza ardatzek gurutzatzen dute.

Ezin gara begira geratu. Ezin dugu onartu erailketa bakoitzaren ostean doluzko keinu instituzional soilak ikustea, biharamunean ezer aldatu ez balitz bezala jarraitzeko. Egoera larri honekin amaitzeko urgentziazko neurri errealak behar ditugu.

Erakunde eta instituzioei irmotasun eta kontundentzia handiagoa exijitzen diegu. Ez dugu adierazpen hutsik nahi; baliabide ekonomiko, politiko eta sozial integralak behar dira prebentzioan, babesean eta hezkuntzan inbertitzeko. Sistema judizial eta asistentzial matxistak desmuntatu behar dira.

Jendarte osoari dei egiten diogu konplizitate oro apurtzera eta erantzukizuna hartzera. Indarkeria matxistaren aurkako borroka ez da Mugimendu Feministarenemakumeon* kontua soilik, jendarte osoaren premiazko ardura baizik.

Egoeraren larritasun muturrekoa ikusita, ezin dugu ohiko erantzunetan geratu. Bada garaia Euskal Herri gisa horrelako erasoen aurrean tinko eta modu bateratuan erantzuteko. Hitz politak eta protokolozkoak soberan daude: hitzetatik ekintzetara jauzia emateko garaia da.

Ezin dugu inor bide bazterrean utzi, horregatik bete ditugu gaur kaleak, egoera honi nahikoa dela esateko.

Autodefentsa Feminista da gure tresna.

Nazkatuta gaude!

Borrokan jarraituko dugu denak aske izan arte".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!