Andoaingo Ontzaren txapelketaren pareko ibilbide historikoa egina daukaten mus txapelketa gutxi izango dira Euskal Herrian, eta errealitate horrek, garaipenari balioa eransten diola aitortu du bikoteak. “Oso serioa da txapelketa, antolatzaileek kontu handiz zaintzen dituzte xehetasun guztiak, jokalariak ondo zaintzen dituzte, eta oso afari ederra prestatzen dute bukaera emateko. Gauzak horrela, mus jokoaren zale amorratuak biltzen gara, eta errespetuzko lagun-giroa izaten da nagusi gure artean. Gustua ematen du txapelketa baldintza horietan jokatzeak, eta zer esanik ez irabazteak!”, esan du Imazek.
Egiazki, ez da nolanahikoa lehiaketa, bi hilabetez luzatzen baita. Aurten, 24 bikote aritu dira astero, hiru taldeetan banatuta, guztiek elkarren arteko ligaxka jokatuz, hogei minututik ordu betera luza litezkeen partiden eskutik.
Imazek eta Alonsok Javier Baltasar eta Iñaki Eguesek osatutako bikotea izan zuten aurkari, finalean. Gogorra izan zen lehia inondik inora ostiral gauekoa, bikote horrek lehendik ere bai baitaki zer den irabaztea Jose Mari Erkizia Mus Txapelketa.
Premiazkoak diren dohainak, musean aritzeko
Imazek hamargarren urtea du Ontzako txapelketan, Alonsok gehiago daramatza. Elkar hartuta, bikote osatuz, hirugarren aldia dute. “Iraganean, aritu izan gara elkarrekin, Anayak tabernak ostiraletan antolatzen zituen txapelketa gogoangarri haietan; behin irabazi ere egin genuen!”, gogoratu du Alonsok.
Bi-biren kontrako mahai-jokoa da musa. “Bikotea osatzen dute jokalariek, eta erabatekoa behar du izan batak bestearekin daukan konfiantza, konplizitatea, kidetasuna, konpenetrazioa edo deitu nahi duzuna. Horienik gabe, jai duzu, biek irabazi edo galtzen baitute; hor ez du balio indibidualismoak”, esan du Alonsok.
Musean egoki jokatzeko, behar diren trebezia edo dohainengatik galdetuz gero, hainbat ezaugarri zerrendatu ditu Imazek. “Musak asko dauka pazientziatik, arriskuak hartzetik, estrategiatik, iruzur plantak egitetik… Zoria ere kontuan hartu beharrekoa izaten da, noski, kartak banatzerakoan; bi errege egokituz gero, esate baterako, jokoa errazten egiten zaizu”. Estrategiaren baitan, aurkaria ondo aztertzen jakitea ez dela ahaztu behar, gogorarazi du Alonsok. “Beti zaizkizu jakingarri zeintzuk diren bikote aurkariaren ezaugarriak; odol-hotzekoa ote den, partida azkar moztearen aldekoa ote den…”.
Muserako zaletasuna
Atzera begira jarrita, penatuta daude biak ere iraganean Andoainen elkarte gastronomikoen artean jokatzen zen txapelketa desagertu izanagatik. Hala dio Alonsok: “ezagutu ditugu elkarteen arteko lehiak aspalditxo, baina esango nuke pandemiaren etorrerarekin geratu zirela bertan behera. Giro polita izaten zen, musa aitzakiapean, sendotu egiten ziren elkarte guztien arteko harremanak. Egia esan, Ontza elkartearen izena gustura asko defendatuko genuke oraintxe!”.
Mus txapelketen ohitura Andoainen nahikoa jaitsi dela uste du Alonsok. “Izan dira urte batzuk elkarte eta taberna ugari animatzen zirenak txapelketak antolatzera, ostiral gauetan eta mus azkarreko lehia besterik ez bazen ere. Apenas dagoen halakorik gaur egun, ordea. Aitzitik, ezagutzen ditudan inguruko herrietan indarrean dabiltza, eta gainera, ikusten da belaunaldi berriek ere lekukoa hartu dietela, biziki erakartzen dietela jokoak eta lehiak”.
Emakumeen presentzia urria
Cipri Alonsok zehaztu duenez, mutilak segitzen dute nagusiki, han hemen antolatzen diren txapelketetako jokalariak izaten. “Pena pixka bat ematen du, hamar parte-hartzailetik soilik bat edo bi izatea emakumeak. Ez dakit estereotipoa den ala ez, baina badirudi denbora-pasako aldarteetan, oro har, emakumeek nahiago izaten dutela kafe bat hartuz tertulian jardutea, musean txapelketan murgildu baino”.
“Musa gizonen kontua dela” uste okerra oraindik gizartean nahiko zabaldua dagoela onartzen dute, hein batean. Bada, gezurra badirudi ere, oraindik ere ozen esan beharra dago musean jokatzeko behar diren dohain pertsonalek, intelektualek… ez dutela zerikusirik sexuekin. Baieztapen hori nahiko begi bistakoa dela aitortzen du bikoteak, baina “ez dagoela soberan gogoraraztea”, gaineratu du.
Besteak beste, arrazoi sozialak aipatu dituzte partaidetza kopuruen desoreka hori oraindik ere zergatik den halakoxea, ulertzeko. “Patriarkatuan sustraiak dituen gizartean, elkarte gastronomikoak eta tabernak izan dira musaren tenpluak orain gutxi arte; musa, eta batik bat lehiaketa, espazio publiko horiekin identifikatu izan dira, eta jakina, emakumeek ateak itxita eduki dituzte orain gutxi arte horietan”.
Ontzaren Jose Mari Erkizia memorialeko txapelketari dagokionez, hamar bat urte dira emakumeak hasi zirenetik lehian, eta normalizatu samar dagoela haien presentzia, onartu dute biek, nahiz eta nahiko desorekatua izaten segi proportzionalki.
Urrutira gabe, hogei lau jokalarietatik, bost emakume izan dira aurtengo edizioan; Miren Erkizia, Uxue Ugartemendia, Eva Beraza, Ainhoa Urkola, eta, Esther Imaz bera, hain zuzen.
Garaipenak, oihartzun zabala
Aurreko urtetan baino oihartzun zabalagoa eduki du Andoainen, jendartean, egunotan, Ontzaren mus txapelketako finalaren albisteak. Ukaezina da hori. Ontzaren txapelketaren mende erdiko historian, lehenengo aldia da emakume bat finalera iritsi eta irabazten duela, eta hori datu deigarria eta azpimarragarria bada, berez.
Alde horretatik, Esther Imazek aitortzen du ostiral gauaz geroztik makina bat zorion-mezu jaso dituela adiskide eta ezagunen aldetik, eta egia izan litekeela emakume izateagatik handiagoa izatea poztasun hori. “Pozgarria da berdintasunaren normalizazio bidean, eta niri egundoko poza eragiten dit garaipenak, Cipri nire bikoteari baino gehiago beharbada, muslari amorratua ez ezik lehen emakume irabazlea naizelako”.
Nolanahi ere, zehaztapen bat egin nahi izan du Imazek. “Esan dudan guztia onartuta ere, kontuz, ez nuke zertan planteatu nahi sexuen arteko gerra baten modura! Emakumeek ere gogoko ditugu karta-jokoak, eta erarik naturalenean hartu beharko genuke parte txapelketetan gogoa edukiz gero, eta halaber, erarik naturalenean ikusi beharko litzateke gure presentzia txapelketetan. Kitto!”.