Ostadar Inklusioa taldeak balentria lortu du boccia kirol jardueran, denboraldi honetan. Dagoeneko EAEko eta estatu mailako erreferente dira. Kideetakoa Markel Uzquiano Lopez de Gereñu gazte andoaindarra eta, oraingoan, balentria egin du: Estatu mailan, 15 urterekin domina lortzen duen lehen kirolaria da. Boccia kantxa estali batean jokatzen da eta larruzko bolak jaurtitzean datza, boccino izeneko pilota zuri batera ahalik eta gehien hurbiltzeko helburuarekin. Petankaren antzeko kirola da, aniztasun funtzionala duten pertsonei egokitua. Banaka, binaka edo taldeka jokatu daiteke.
