“Euro bakar bat ere ez gerrarako. Osasungintzarako, hezkuntzarako, pentsioetarako…bai!” aldarrikatu dute pentsiodunek

Aiurri 2026ko maiatzaren 25a

Europako estatuetan dagoen joera, aurrekontuak osasungintzarako, hezkuntzarako eta pentsioetarako murrizteko eta armagintzarako hazteko, hizpide izan dute Andoaingo Pentsiodunen Mugimenduko kideek gaur Goikoplazan egin duten elkarretaratzean. Ekainaren 8an egingo dute hurrengo bilkura pentsio duinen alde.

Adierazi dutenez, “Friedrich Merzen Alemaniako Gobernuak 38.300 milioi eurorainoko murrizketak onartu ditu osasun arloan, berrarmatzean erabiltzeko. Argudioa ezaguna da: sistema “ez da jasangarria”, eta Europa berrarmatu behar da. Planak 19.300 milioiko doikuntza aurreikusten du datorren urterako, eta 38.300 milioiko murrizketa metatua 2030erako. Helburua: osasuna, pentsioak eta laguntza publikoak. Europako beste herrialde batzuek antzeko planak iragarri dituzte”.

Mundu mailan, 2025ean gastu militarrerako bideratu den kopurua zehaztu dute, ”gastu militarra 2.887.000 milioikoa dolarrekoa izan zen, Espainiako Estatuko Barne Produktu Gordina (BPG) halako bi ia”.

Aurrekontuen politika irauli dezaten aldarrikatu dute: “Beste behin exijitu nahi dugu langileek, pentsiodunok eta beste herri sektore batzuek emandako dirua, ez dadila erabili gerra eta genozidioetan. Garrantzitsua da berriro gogoraraztea EAEn (Euskal Autonomia Erkidegoa) euskal zerga-agentziak argitaratzen duen zerga-bilketak esaten duela, 2025. urtean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) ia 6 aldiz handiagoa izan zela Sozietateen gaineko Zergarena baino. BEZa (Balio Erantsiaren gaineko Zerga) azken erosleari dagokio osorik, eta etxeetako kontsumoaren eta administrazio publikoen kontsumoaren artean, soldaten ordainsariak dira BEZ horren zatirik handiena”.

Zergen alorrean, EAEko patronalaren ekarpena “onartezina” dela gaineratu dute. “Azken 21 urteetan, EAEko Barne Produktu Gordina (BPG) % 1,7 handitu da, eta EAEko zerga-bilketa bikoiztu egin da, 9.906 milioi eurotik 20.234 milioi eurora. 2004. urtean bildutakoaren %71,2 PFEZ+BEZarekin berdintzen zen. 2025ean, bi zerga horiek bilketa osoaren % 77,9 osatzen zuten. 2004an, Sozietateen gaineko Zergak % 11,5 osatzen zuen, eta 2025ean, berriz, % 7,1 baino ez. Epe horretan, aurrekontua bikoiztu egin da, PFEZ % 2,6 biderkatu da, BEZa % 2,2 biderkatu da eta Sozietateen gaineko Zerga % 1,3 baino ez. Patronalaren ekarpena onartezina da”.

Azkenik, patronalaren ekarpenarekin lotuta, euskal aurrekontua soldata-errentek elikatzen dutela gogorarazi dute: “Horrek asko lasaitzen du Pradalesen Gobernua: Donald Trump eta Benjamin Netanyahu gerrako jaunek sortutako ziurgabetasunen aurrean berehala enpresei laguntzeko aukera ematen dio, baina Gutxieneko Pentsioak eta Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata hobetu behar direnean, edozein aitzakiak balio du betoa jartzeko, nahiz eta soldata-errentek elikatzen duten euskal aurrekontua”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!