“Munstroak sortzen direnean” XXI. mendeko faxismoaren gaineko dokumentala emango dute Gaztetxean

Aiurri 2026ko maiatzaren 28a

Ikus-entzunezkoa BilboRock-en, apirilaren 14an aurkeztu zutenean (Egilea: Diario Socialista)

Maiatzaren 29an, ostiralarekin, Gaztetxean, 19:00etatik aurrera ikusi ahal izango da XXI. mendeko faxismoari buruzko ikus-entzunezkoa. "Faxismoa gaur egun hartzen ari den formaz eta horri aurre egiteko antolatu beharreko antifaxismoaz hausnartzeko" pelikula dela adierazi dute egileek. 

Ondoren, Igara Espazio Sozialistan sortu berria den Estoucha Borroka Taldearen aurkezpen labur bat izango da, eta ekitaldiari amaiera emateko, musika-jartzailearekin festa izango da.

Dokumentala hainbat hizkuntzatan da, eta azpitituluak euskaraz dauzka. Diario Socialista agerkari digitalak ekoiztu du ordu eta erdiko iraupeneko dokumentala.

Europako hainbat herrialdetako kazetarien, ikerlarien eta militante antifaxisten testigantzak biltzen ditu dokumentalak.

Egileen esanetan, "Egungo faxismoaren hiru aurpegiren erradiografia" egiten du ikus-entzunezkoak, "eskuin muturreko alderdi parlamentarioak, kaleko talde faxista eskuadristak eta base sozial erreakzionarioa". Izenburuari dagokionez, Antonio Gramsci pentsalari marxistaren esaldi bat dakargi gogoan: alegia, "Mundu zaharra hiltzen ari da, berriari kostatzen zaio jaiotzea, eta bitarte horretan sortzen dira munstroak".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!