Antolatzaileek aurkezpenean gogorarazi zutenez, Donostian 1879an eratu zuten lehenbiziko udal musika eskola. “Handik aurrera ereindako hazitik” heldu direla atzo Victoria Eugenia antzokian bildu ziren musikari guztiak, erantsi zuten.
Raimundo Sarriegi konposatzaileak (1838-1913) makina bat abesti sortu zituen jai anitz (danborradak, inauteriak, kaldereroak...) girotzeko, erabat aberastuz Donostiako musika ondarea.
Horiek denak pianoarekin jotzeko osatu zituen, ordea, eta horrexegatik, makina bat instrumentuez osatzen duten Banda batek nahiz danborretan jotzeko moduan moldatu izan ditu Joxe Mari Oiartzabal hamarkadetan.
Moldaketa lan itzel horren azken emaitzak jo zituzten Victoria Eugenia antzokiko oholtzara igo ziren musikariek, hain zuzen.
Honako abestiak jo zituzten: Marcha Chinesca, Caldereros, Galop, Contradanza primera, Vals, eta, Contradanza tercera. Horiez gain, Walking to the sky (Robert Bucley) eta Vals Brillante por la Señora Condesa (Epifania de Argaiz) abestiak ere biziberritu zituzten.
Oiartzabal, zuzendari lanetan
Iker Sanchez eta Mikel Olazabal zuzendarien agindutara aritu ziren musika gazteak. Nolanahi ere Galop abestia zuzendu zezan, Joxe Mari Oiartzabal gonbidatu zuten oholtzara.
Bigarren aldi batean ere eskatu zioten Oiartzabali ikusleen ahulkitik altxa, eta eszenategira igo zedin. Txanda horretan, Sarriegiren Contradanza (comparsa pastoril 1886) pieza zuzentzera gonbidatu zuten. Antolatzaileek, ez zuten sartu abesti hori aldez aurretik kontzerturako iragarritako kantutegian. Nolanahi ere, aisa moldatu zen Oiartzabal, zuzendaritzako behar den trebezia bere horretan mantentzen duela galdu erakutsiz.
Azkenik, bere omenez Inazio Lopetegi musikari irundarrak doinua konposatu, eta Joxe Ramon Berrondo musikari andoaindarrak hitzak ipini dizkion Joxe Mari abestia estreinatu izan zuen Bandak. Abestiak hitza dauzkanez, berriz ere Oiartzabal jarri zuten kantari (behean, bideoa ikusgai).
Tronpetako ikasle ohien miresmena
Gipuzkoako tronpeta jotzaile ugari erakarri zuen Victoria Eugeniako antzokian ospatu zen kontzertuak. Gaztetan irakasle izan zuten Joxe Mari Oiartzabalekin sentitzen duten esker ona eta miresmena agertu nahi izan zioten guztiek ere.
Iker Sanchez zuzendariak berak, eszenategian laudoriozko hitzak izna zituen Oiartzabalekiko. “Izugarri maite dut Joxe Mari, asko zor diot. Umetan, Irunen musika ikasketei ekin eta 10 bat urte nituela, gogoan ditut gurasoek eta hango jendeak nola egiten zituzten miresmenezko komentarioak, Donostiako tronpetako katedradun famatu hark bakarka eman zuen kontzertuagatik. Urtetan aurrera, 1995ean, Donostiako Kontserbatorioan bera izan nuen tronpetako irakaslea, eta oso oroitzapen ona daukat urte haiekin; berotasuna eta gizatasuna ziren bere ezaugarrietako bi, eta asko zaintzen gintuen ikasleak, beti geneukan prest edozertarako edo animoak edo aholkuren bat emateko, bide onetik orientatzeko... Bestalde, esango nuke berari esker ekin niola Bandako zuzendaritzari”.
Alfonso Masach, Donostiako Musika Eskolan tronpeta klasiko eta modernoko irakasle debarrak ere ez zuen galdu nahi izan Victoria Eugeniako emanaldi berezia. “Pedagogia aldetik oso irakasle bikaina izan dela esango nuke. Ez zeukan batere betetzen arrazoi guztia berea dela uste duen irakasle zorrotz eta eskematikoaren profilarekin. Bazekien ikasle bakoitzarekin nola jokatu behar zen, eta ahal zuen guztia aterako zien guztiei ere, ez autoritarismoarekin, goxotasun eta gizatasunarekin baizik. Bazekien noraino iritsi zitekeen ikaslea, eta egoki bideratzen zuen. Zuzena zen musikarekin lehenbizi gozatu egin behar zela eta zoriontsu izan bezala transmititzeko orduan ere. Gogoratzen naiz Liolako elizara joan izan ginenetan berarekin kontzertua jotzera, nola erakusten zigun Louis Armastrungen abestiak bakarka jotzera, nola ematen zizkigun aholkuak eta nola ematen zigun segurtasuna. Gozatu egiten genuen!”.
Oiartzabalen ikasle izan zen Erlantz Fernandezek, Francisco Escudero kontserbatorioko tronpeta irakaslea da 2011az geroztik. Hain zuzen, Oiartzabalek erretiroa hartu eta utzi zuen postua hartu zuen Fernandezek. “Irakasle bezala egundoko sona utzi zuen Kontserbatorioan eta musika munduan, eta erantzukizun handia izan zen niretzat. Neuk frogatua neukan irakasleren fama irabazita zeukala erruz. Tronpeta ez ezik, beste hainbat arlo irakasten zizkigun, armonia, azterketa... Laguntzeko, motibatzeko eta edozein motatako aholkuak emateko, beti prest! Aingeru Guardakoaren antzekoa izan zen guretzat esan nahi dut gaztea izateagatik oraindik ere noraez samar ibili ohi zaren garai horretan. Segurtasuna ematen zigun egoerekin ez konformatzeko, eta animatzeko mundu berriak esploratzeko animatzen gintuen, eta niri, pertsonalki, bultzada handia eman zidan Madrilera joan nendin ikasketekin sakontzeko”. Joxe Mari Oiartzabalek erretiroa hartu zueneko gertaera gogoan hartu nahi izan du Fernandezek, “bere ikasle ohiek despedida moduko zerbait prestatu genion. Esango nuke ahal izan zuten ikasle ohi guztiek hartu zutela parte ekitaldi horretan; denek ere oroitzapen gozoak besterik ez zituzten gogoan Joxe Marirekiko. Detaile horrek nahiko egoki defini dezake zer izan den Joxe Mari musika irakaskuntzan”.

