Herriko ikasleek aurtengo esku-hartze planak aurkeztu dizkiete udal ordezkariei, Eskola Agenda 2030aren baitan

Aiurri 2026ko maiatzaren 28a

Andoaingo Eskolako Agenda 2030 programan parte hartzen duten Aita Larramendi ikastola, La Salle Berrozpe ikastetxea, Ondarreta Herri Eskolako eta Leizaran Institutuko ikastaldeek gaur aurkeztu dituzte landutako esku-hartze planak udal ordezkariei, udaletxean. Ikasleak ikasturtean diseinatu dituzten bi esku-hartzeen gainean mintzatu dira: herri irisgarri eta garbi bat, eta, mugikorra eta bere erabilera.

Alkateak ikasleak zoriondu egin ditu egindako lanagatik, eta beren ekarpena oso baliagarria izango dela herritarrentzat ziurtatu du.

Irisgarritasuna eta bizikidetza, bi gai horiek landu dituzte aurtengo ikasturtean ikasleek, Eskola Agenda 20230ren baitan, eta planak antolatu dituzte.

Lanketaren emaitzak ikastetxe bakoitzeko ikasle ordezkariek aurkeztu dizkiete Andoni Alvarez Andoaingo alkateari eta Aritz Alkain (PSE-EE), Txitxu Ruiz (EAJ), eta Pepe Iparragirre (Elkarrekin-Podemos) ordezkari politikoei.

 

Bi esku-hartzeen nondik norakoak

Bi izan dira landu eta diseinatu dituzten esku-hartzeak: “Herri irisgarri eta garbi bat denontzako” izenburuko gaiari dagokionez, esan behar da lehen hezkuntzako ikasleak (Aita Larramendi ikastola, La Salle Berrozpe ikastetxea eta Ondarreta Herri Eskola) kalera irten direla plaza eta parkeen egoera aztertzera. Egindako behaketen ondorioz, herria herritar guztioi egokitua egotearen kontzientzia hartu dutela aitortu dute ikasleek; parkeetan dagoen zaborraz ere ohartu dira.

Herriko hiru ikastetxeetako ikasleek kartelak egin dituzte bakoitzak aztertutako guneen egoera salatzeko.

Horrez gain, garbiketa egun bat antolatuko dute ikasturtearen amaierarako. “Mugikor gutxiago!” izenburuko gaia jorratu dute Bigarren hezkuntzako ikasleek (Aita Larramendi ikastola, La Salle Berrozpe ikastetxea eta Leizaran BHI); mugikorren eta sare sozialen erabileraren inguruko diagnostikoa burutu dute, hain zuzen.

Galdetegi bat osatu dute eta DBHko 489 ikasleen erantzunak jaso dituzte. Mugikorraren erabilera-tarterik handiena egunean 2-4 ordutakoa dela ondorioztatu dute, besteak beste. Ikerketak jazarpenaren arazoa ere landu du, eta larritzat jo daitezkeen datuak eman dituzte argitara: 10 ikasletik 1ek sufritu du jazarpenen bat sare sozialetan, 10etik 1ek eragin du horrelakoren bat, eta 10etik 4k ikusi du gisa horretako egoeraren bat.

Ikasleek kartelak egin dituzte bi esku-hartze horien emaitzekin, eta herrian zehar zabalduko dituzte, kaleetako paneletan eta eraikin publikoetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!