Datozen urteetan euskararen erabilera biziberritzeko planean parte hartzeko gonbita luzatu du Udalak

Aiurri 2026ko ekainaren 2a

Andoaingo Udala euskararen plan berria diseinatzen ari da. Aditzera eman dutenez, plan horren helburua euskara modu dinamikoan sustatzea eta hiztun aktiboen eta hizkuntza ezagutzen dutenen kopurua handitzea da.

Helburu hori helburu kolektiboa dela azpimarratzen dute, hortaz, herritarren parte hartzea beharrezkoa dela nabarmendu dute. Horretarako, martxoan onlineko galdetegia martxan jarri zuten andoaindarrek euskararen inguruan duten iritzia eta irudia hobeto ezagutzeko. Ondoren, apirilaren amaieran, hainbat elkarrizketa antolatu zituzten zenbait eremutako eragile eta herritarrekin, haien iritziak eta bizipenak jasotzeko.

Entzundako ahots horien bidez, Andoaingo euskararen egoeraren irudia osatzea lortu dute. Hortik abiatuta, datozen urteetarako erronkak erabaki behar dituzte, bai eta erronka horiek lortzeko egingo dituzten ekintzak ere. Horretarako, bi saio ireki antolatu dituzte, interesa duen herritar oro bertaratzeko. Elhuyar aholkularitzako teknikariek zuzenduko dituzte, lehenengoan, helburuak zehaztuko dituzte, eta bigarrenean, berriz, ekintzen diseinuari ekingo diote.

Eguna

Ordua

Tokia

Ekainaren 2a, asteartea

17:30-19:30

Bastero kulturgunea

Ekainaren 17a, asteazkena

17:30-19:30

Urigain Kulturetxea

Udalak bietan parte hartzeko gonbita zabaldu du, haien esanetan, datozen urteetan Andoainen euskararen erabilera suspertzeko jarraitu beharreko bidea zehazten lagunduko baitu.

Parte hartzeko interesa duenak, galdetegi honetan emango beharko du izena  https://labur.eus/Aroa_Andoain, edo euskara@andoain.eus.  posta elektronikora mezu bat bidali beharko du.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!