"Datorren urtean ere itzultzeko gogoz gaude"

Aiurri 2026ko ekainaren 4a

Leitzaran, Artikutza, Bidasoa eta Aralar aldean ibilbide ikusgarria egokitu du antolakuntzak, beste urte batez. Laba Gravel proba partaideen gustukoa da, helarazitako mezuak horren lekuko dira. 

Distantziak, ordea, ez dira arinkeriaz hartu behar eta proba burutu ahal izateko prestakuntza-maila izan behar da. Bereziki, estuasunak eta sufrikarioak saihesteko. Izan ere, 70, 110, 170 eta 270 kilometroko probatako bat egiteko eskarmentua izatea garrantzitsua da.

Laba Gravel proba partaideen gustukoa da eta, antolaketa bermatzeko indarra dagoen bitartean, paisaia ikusgarrietan murgiltzeko zortea izango dute partaideek.

Hainbat partaideren mezuak proba amaitu berritan

Antolaketak probaren partaideekin harremana sustatzeko taldea sortu du, sare sozial ezagun batean. Aurreko egunetan eta, larunbatean bertan, argibide ugari emateko baliagarria izan zen mezu-trukea. Behin proba amaituta, balorazioa egiteko ordua iritsi da. Haietako batzuren azalpenak, jarraian:

Mikel: “Eskerrik asko antolakuntzari. Egia esan, proba hamarrekoa izan da eta hornidura eta helmuga gozamena. Eskerrik asko, datorren urtean ikusiko dugu elkar” (euskaratutako mezua).

Joseba: “Eskerrik asko antolakuntzari. Proba ederra, ikaragarri gustatu zait. Anbiente itzela, baita txirrindularien artean ere. Datorren urtean berriro egiteko irrikaz nago. Gora Laba!”.

Aitor: “Eskerrak antolakuntzari. Primerako proba daukazue, hornidura-gune ederra, giro ederra! Datorren urtean ere itzultzeko gogoz gaude!!”.

Ander: “Zorionak Laba Graveleko antolakuntzari! Nik ez dut egunik onena eduki eta oso atentu egon dira nirekin. Hurrengo urtean, bai edo bai. Eskerrik asko!”.

Jose M: “Harrigarria 270ekoa!! Paisaiengatik eta gogortasunagatik!! Zorionak!” (euskaratutako mezua).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!