Palestinaren sustraiak eta modernitatea uztartzen dituen Sol Band Gaza taldea Basteron, ostiralean

Xabier Lasa 2026ko ekainaren 4a

Palestinarren ahots bilakatu den Sol Band Gaza taldeak Basteron 18:30etik aurrera joko du; aurrez, Plaza Morean, 17:00etan, ekimen solidarioa ospatuko da. Doan da sarrera.

Palestinan sustraitutako doinuen eta musika modernoen arteko fusioa egiten du Sol Band Gaza taldeak. Bizitzari eta itxaropenari eusten dioten melodia biziekin osatzen ditu zuzeneko kontzertuak. Taldeko kideak Israelen genozidiopean zortzi hilabetez egon ziren, eta 2024ean Gazatik ateratzea lortu zuten. Beren herriaren ahots bilakatu dira geroztik. “Musikaren bitartez munduari palestinarrak bizitzen ari diren sarraskia eta haien sufrimenduaren berri emateko helburua” dutela adierazi dute.

 

Ekimen solidarioa Plaza Morean

Kontzertua hasi aurretik, Plaza Morean, 17:00etan, ekimen solidarioa egingo dute, AMMA (Andoaingo Emakume Musulmanen Kultur Elkartea) eta Ongi Etorri Eskolara taldeek elkarlanean.

“Batzen gaituzten zaporeak eta artea: pintxoak, henna postua eta artikulu solidarioen salmenta” izango dela adierazi dute antolatzaileek.

 

Sol Band Gaza Euskal Selekzioa-Palestina partiduan

Iazko azaroaren 13an, Euskal Selekzioa eta Palestinako selekzioko futbol partidaren harira Gernika-Palestina ekimenak antolatuta EHUn egin zuten ekitaldian parte hartu zuten Sol Band Gaza taldeko kideek. Ekitaldi hura, ikusgai:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!