Euskal Herriko eta nazioarteko proposamenak ezagutzeko aukera ematen du rock jaialdiak. Izan dira iragan loriatsua izandakoak, eskarmentu handikoak eta baita hasiberriak ere. Uztarketa horri eusten dio antolaketak nahiz eta, azken urteotan, artista gazteagoen alde apustu handiagoa antzematen den.
Jarraian, aurtengo edizioan zuzenean ariko diren taldeak oholtzara igoko diren ordenaren arabera antolatuta.
Ordutegiak
APERITIF SAIOAK, HERRIGUNEA
- 12:00 Iiingles, Zumea Plazan.
- 13:00 Katiuskak, Plaza Morean.
- 14:00 Barrrk, Goikoplazan.
- 16:00 "Norbait Hil Da Hemen" podcasta, Goikoplazan.
NAFARROA PLAZA, OHOLTZA NAGUSIA
- 18:00 Exnovios.
- 19:05 Paco Te Quiero.
- 20:10 Lezard.
- 21:45 Las Petunias.
- 23:00 Silitia.
- 00:15 Maruja.
Eguerdian hasita, udalerriko hainbat tokitan
Eguerdian hasita, rock doinuak zabalduko dira udalerrian. Euskal Herriko hiru taldek osatuko dute eguerdiko Aperitif saioa: Iiingles, Katiuskak, eta Barrrk.
Hondarribiko Psilocybe elkartean sortutako musika taldea da Iiingles. Seikotea, guztiak emakumezkoak dira. Oihane Bengoetxea partaideak honakoa aurreratu zuen jaialdia iragartzeko prentsaurrekoan: “Hasieran, emakume edota genero disidenteen presentzia duten taldeen bertsioak jotzen hasi ginen, bizi garen gizarte heteropatriarkal honetan isilarazi eta zapaldutako kolektibo eta ahotsei lekua eman eta oholtzan ikusgarri egiteko asmoz”.
Katiuskak taldea Gasteiztik dator. Hasiberriak dira, emanaldi gutxi egin baitituzte orain arte. Pop eta punk kutsuko doinuak egiten dituzte. Maider Beristain taldekidea jaialdiaren aurkezpenean izan zen eta honakoa adierazi zuen: "zuzenekoetan daukagun guztia ematen dugu, eta publikoak, ordainean, berotasuna eta maitasuna transmititu izan digu beti, ezin gara kexatu”.
Barrrk pop rock eta post punk estiloko abestien sortzaile da eta iazko Gazte maketa lehiaketako finalista izan ziren. Laudioko taldea da.
Nafarroa Plazako oholtza gainean sei talde ariko dira
Exnovios Iruñeko taldeak pop, garaje eta psikodelia estiloak uztartzen ditu. Haiek emango diote hasiera oholtza handiko emanaldi-sortari.
Paco te quiero Bartzelonatik datoz eta punk nahiz indie musika estiloetan sakondu dute euren proposamena.
Lézard frantziarren eskutik iritsiko omen da “post-punk zorrotzaren eztanda”. Talking Heads edo The B-52’s gogorarazten dituzten doinuetan trebeak omen dira. Talde handiak dira horiek, rockaren historian.
Las Petunias Madrilgo taldeak Rock Jaialdiko kartelaren “alderik lotsagabe eta dibertigarriena” ordezkatzen omen du. Antza, antolatzaileen ahotan, “letra irreberenteak, punk jarrera eta melodiak uztartuz, estatuko eszenako proposamen berezi eta freskoenetako bat eanbihurtu da”.
Silitia Bilboko taldeak rock alternatiboa eta elektronika nahasten ditu, rock jaialdiaren musika estilo aukera nabarmen zabalduz.
Irismen eta ezaguta aldetik, ziurrenik, talde indartsuena da Maruja. Izenak bestelako lurralde bat iradokitzen badu ere, Erresuma Batuko taldea da. Jazz leherkorra, punka, noise-rocka eta spoken word estiloak uztartzen ditu. Finean, rockaren berezko indarra eta musika garaikideak duen frexkotasuna bikain uztartzen dituen taldea da.
Larunbata, beraz, musikazaleen eguna da. Bertako eta kanpotik hurbiltzen diren zaletuentzat gozamen hutsa. Eta dohainik, gainera. Pagotxa ederra, rockzaleentzat.