Andoaingo EAJ-PNVren batzarrak "aho batez" erabaki du Mikel Urdangarin Castroren izendapena: "Izendapen horrekin, alderdi jeltzaleak aro berri bati ekin dio; ilusioa, gertutasuna eta datozen urteetako erronkei aurre egiteko prestatuago dagoen Andoain dinamikoago eta kohesionatuago bat eraikitzen jarraitzeko anbizioa ardatz izango dituena. Mikel Urdangarin Castro (34 urte) Andoaingo gizarte- eta kultura-bizitzan oso ezaguna eta konprometitua den pertsona da. Kaletxikiko bizilaguna eta bi alabaren aita, urte luzez parte hartu du herriko hainbat kultur ekimenetan, eta beti izan du lotura estua bere herriarekin".
EAJ-PNVk, ohar berean, Urdangarin hautagaiaren adierazpenak jaso ditu: “ohore handia da erronka hau nire gain hartzea. Andoaindarrekin batera lan egiteko borondate sendoz egiten dut, gure herriak merezi duen etorkizuna eraikitzeko. Bide hau Andoaingo herritarrekin batera egin nahi dut, haien kezkak entzunez, eguneroko arazoei erantzunez eta etorkizunari begira lan eginez. Politikak zentzua du pertsonen zerbitzura dagoenean eta egitateen bidez konfiantza sortzen duenean”.
Alderdiak, era berean, garai berrietara egokitzeko erabakia hartu duela dio: “Mikel Andoainekin konprometitutako belaunaldi berri baten ordezkari da. Ilusioa, gaitasuna, freskotasuna eta ideia berriak batzen ditu, andoaindarren ongizatea lehentasun duen proiektu politikoa indartzen jarraitzeko. Garai berriek energia berriak eskatzen dituzte, eta Mikelek ezin hobeto ordezkatzen du etorkizuna erantzukizunetik eta konfiantzatik eraikitzeko borondatea”.