“Jarrera ona eta borondatearekin gauza asko lor daitezke”

Lide Ruiz Telleria 2026ko ekainaren 13a

Jaio zenetik garatu zuen garun paralisia Markel Uzquiano gazteak. Egun, Boccia kirolean murgiduta dabil. Markelek eta bere ama Amaia Lopez de Guereñuk kirola eta desgaitasunaren inguruko bizipenak azaldu dituzte

Boccian Euskadiko txapeldun ordea izateaz gain, Estatu mailako 3. postua eskuratu duzu. Pozik zaude lortutako emaitzekin?

Markel Uzquiano: Bai. Maila oso altua zen, maila nahikoa edukiko ez nuela uste nuen. Bestalde,  nire entrenatzaileei eta kideei esker denboraldi ona egin dut, aurreko denboraldiarekin alderatuta. Iazkoa ere, denboraldi ona izan zen, Europan jokatzeko aukera izan bainuen. Oro har, oso pozik nago lortutako emaitzekin.

Hain gaztea izanik oso emaitza onak lortu dituzu. Hori ez ohikoa dirudi.

M.U.: Bai, pixkanaka-pixkanaka hobetzen ari naiz. Mailari dagokionez, entrenatzaileek azpimarratzen didate adinak ez duela garrantzirik. Egia da, txapelketetan jende helduaren aurka jokatu dudala, baina ez da arazo bat izan, nik nire bidea egin dut. Aurtengo denboraldian emaitzak izugarriak izan dira, hurrengoan agian ez ditut horrelako emaitzarik lortuko. Hala izango ez balitz, ez litzateke ezer gertatuko.

Nolako esperientzia izan zen Europa mailan jokatzea?

M.U.: Iaz, gazteen Espainiako txapelketaren ostean aritu nintzen. Estatu mailan hiru txapelketa nagusi daude; gazteena, liga bakoitzeko txapeldunena, eta, Espainiako txapelketa nagusia. Kopa nire lehen txapelketa absolutua izan zen, eta ondo joan zen. Pozik nago Estatu mailan eman dudan mailarekin ere, presiorik gabe jokatu nuen. Zortea eta egin dudan lana uztartuta, denboraldia oso modu onean amaitu dut. Egia da, lehenengo postua eskuratzea gustatuko litzaidakeela, eta Espainiako txapeldun izan, baina oso pozik nago, hala ere. Sorpresa handia izan da niretzat.

Olinpiada paralinpikoetan jokatzea zure ametsetako bat da?

M.U.: Bai. Oso urruti ikusten dudan ametsa da, gauza asko gertatu behar dira bertara iristeko. Aukera izango banu oso pozik arituko nintzateke, baina, pausoz pauso entrenatzen jarraitu nahi dut, eta aurrerago ikusiko da ea zer gertatzen den.

Gaur egun, zein klubetan entrenatzen duzu? Zenbat partaide ditu?

M.U.: Lasarte-Oriako Ostadar taldean entrenatzen dut.

Amaia Lopez de Guereñu: Bai, Ostadarrek, ohiko kirolez gain, kirol inklusibo eta egokituak egiteko aukera ere eskaintzen du.

M.U.: Boccian, sei partaide gara, eta entrenatzaileak Javier Camacho, Esteban Garaialde eta David Vicente dira. Guztira sei garen arren, bik ezin dute txapelketetan parte hartu,  Boccian parte hartzeko desgaitasun maila zehatz bat izan behar duzulako. Hala ere, entrenatzera etortzen dira, denon artean oso ondo pasatzen dugulako, sozializatzeko momentua izaten da.

A.L.: Gainera, Bocciaz gain, Slaloma ere egiten dute. Kirol horren helburua,  gurpildun aulkiarekin oztopoak saihestea da. Duela gutxi Tarragonara joan ziren, Espainiako Txapelketan parte hartzeko. Markel ez zen joan, ez baitzuen eskatzen zuten denbora egin. Oso gustura egoten dira, elkarrekin egoteko aukera oso ona baita. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Ostadar taldeari.

Nondik datorkizu Boccia kirolarekiko zaletasuna? Noiz hasi zinen jokatzen?

M.U.: 2021ean hasi nintzen, baina psikologikoki momentu txar bat pasatzen ari nintzenez, uztea erabaki nuen. Hala ere, 2023an berrartu nuen. Denboraldi horretan, Euskal Selekzioarekin jokatzeko deitu ninduen, eta niretzat poz handia izan zen. Kasu horretan, seigarrena izan nintzen txapelketan, baina, Espainiako Txapelduna irabazi nuen, beraz oso pozik nengoen.

Kirol ezaguna da Euskal Herrian?

M.U.: Ez, inolaz ere. Ez dauka zerikusirik, futbola edo saskibaloiarekin. Bestalde, El Langui aktoreak ikusgarritasuna eman dio kirolari. Berak ere, garun-paralisia du, eta aurrerapauso handiak eman ditu kirola ezagunagoa izan dadin. Euskal Herriaren kasuan, publiko gisa soilik familiak, entrenatzaileak eta jokalari ohiak daude. Espainian ere, egoera oso antzekoa da.

A.L.: Nire ustez, ikastetxeek ikusgarritasuna eman beharko liokete. Markelek, esate baterako, hitzaldi batzuk eman ditu horretaz hitz egiteko.

M.U.: Bai, aurten hiru hitzaldi eman ditut, kirolaren xehetasunak azaltzeko, eta era berean, materiala eraman nuen ikasleek materialarekin jokatzeko.

Zein ezaugarri edo teknika behar dira Boccian airtzeko?

M.U.: Lehen baldintza, garun-paralisia edo garuneko kalte hartua izatea da. Horrez gain, azterketa mediku bat pasa behar da, nazio mailakoa nahiz nazioartekoa. Proba horien bidez, kategoria zehazten da, norberaren zailtasunaren arabera. Nire kasuan, BC1 mailan jokatzen dut.

Hurrengo urteetan jarraitzeko asmoa duzu?

M.U.: Bai. Bocciak urte askotan jokatzeko aukera ematen du. Adibidez, 30 urte jokatzen daramatzaten jokalariak daude, eta egun, 60 urte dituzte. Nik ere jarraitzeko asmoa dut, fisikoki jarraitzeko aukera ez dudan arte. Izan ere, ez dirudien arren, Boccia oso kirol fisikoa da.

A.L.: Bai, garun-paralisia dela eta, pilota bota nahi duenean gorputzeko gihar asko aktibatzen zaizkio, beraz, autokontrola oso garrantzitsua da. Zentzu horretan, autokontrolari buruz asko ikasi du. Fisikoki kirol gogorra da, eta txapelketa bat jokatu ondoren leher eginda egoten da.

M.U.: Bai, indarra ere Aginaga ECCMAX kirol gunean lantzen ari naiz. Oso pozik nago bertan, bizitza aldatu didatela esango nuke. Garun-paralisira egokitzen den zentro bakarrenetako bat da, eta oso eskertuta nago.

ECCMAX kirolgunean oso gustura zaudela azpimarratu duzu. Gehiago sakondu dezakezu?

A.L.: Batez ere, indarra lantzen dute. Bertan, egoera desberdinetako pertsonak elkartzen dira, eta hori da politena. Goi mailako kirolariak, Hyrox eta Deka probatan aritzen direnak, mendian korrika aritzen direnak, eta baita Markelen egoeran daudenak ere. Ni ere, hara joaten naiz luzaketak egitera, Markelek indarra lantzen duen bitartean. Makinak denon beharretara egokituta daude, eta edonor joan daiteke. Makinak bertako jabeak diseinatu zituen, Javier Nogueirak.

M.U.: Berari esker, zutik jartzea lortu nuen behin. Indarraren lanketan eta nire gorputzarekiko kontrolan asko hobetu dut.

A.L.: Bai, azkenean, garun-paralisia ez da joango, baina lanaren bitartez, asko hobetu daiteke. Esate baterako,  Markelek bi eskuak erabiltzen ditu, eskuina zein ezkerra, eta hori berak egin duen lanketari esker izan da. Izan ere, ECCMAX-en egiten duen saioaz gain, egunero etxean indarra lantzen jarraitzen duelako. Oporretara ere, pisuak eta gomak eraman ditugu. Hobeto sentitzen dela nabarmentzen du.

Beraz, zure jarrerari esker hobetu duzula esango zenuke?

A.L.: Nik baietz esango nuke. Oso burugogorra da, eta horrek asko lagundu dio, bere errutina oso ondo antolatzen du. Indarra asko lantzen du bai Aginagan, bai etxean. Jarrera oso ona du. Niri erakutsi dit, bizitzan jarrera ona eta borondatea baduzu gauza asko lor ditzakezula.

Zentzu horretan, eredu dela esango zenuke?

A.L.: Bai, zalantzarik gabe. Markelek gauza asko irakasten dizkit. Txikitatik fisioterapeuta batekin aritu da, eta berak hasieratik esan zion “ez daukatenari ahotsa ematera etorri zara”, izan ere, bere egoeran dauden askok ezin dute ahotsa altxatu eta haien errealitatea adierazi. Jarrerari dagokionez, Markel txikitatik oso heldua izan da, agian, ez duelako beste aukerarik izan. Nahiz eta zailtasunak izan, beti aurrera jarriatu du. Ikastea adibidez, kirola egitea baino gutxiago gustatzen zaio, baina hala ere, egiten du. Inoiz ez da etsi. Borrokatzea tokatuko zaio, jakinda gu beti bere alboan egongo garela.

La Salle-Berrozpeko ikaslea zara. Hurrengo urteetan ikastetxean jarraitzeko asmoa duzu?

M.U.: Nire asmoa, beste nonbaiten lanean hastea da, ikastea ez baitzait asko gustatzen. Hurrengo urtean 4. DBH amaitzean beste toki batean lanean hasi nahi nuke. Orain, egon daitezkeen aukeren inguruan informatzen hasi gara.

A.L.: Zaila da, oso aukera gutxi baitaude. Esate baterako, Gureakera informatzera joan ginen, eta ezetz esan ziguten. Izan ere, bertan guztiz autonomoa izan behar duzu, eta Markelek adibidez, laguntza behar dut komunera joateko. Eman diguten beste aukera bat telelana egitea da, baina Markel oso pertsona soziala da, jendearekin egotea gustatzen zaio.

Zailtasunak izan arren, komunikaziorako gaitasun handia du. Oso ondo moldatzen da hitzaldiak ematen, eta era berean, oso baliagarria izan daiteke, beste pertsona batzuei laguntzeko. Markelek txikitatik laguntzaile bat izan du, eta Ikastetxean Bocciaren inguruko hitzaldia eman zuenean, argi azpimarratu zuen “bueltan emango banu ez nuke esango garun-paralisia duenik”. Adierazi nahi duena oso ondo komunikatzen du. Hortik jo behar duela uste dut.

Konbentzituta gaude bere beharretara egokituta dagoen zerbait egon behar duela, zentzu horretan, hurrengo urtean borrokatzea tokatuko zaigu.

Ama gisa, kirolak bere eboluzioan positiboki eragin duela esango zenuke?

A.L.: Bai, zalantzarik gabe. Oso gustura sentitzen den kirol bat egiten ari da, bat gehiago sentitzen dena. Eguneroko bizitzan ez dira bat gehiago, nahiz eta jendeak baietz esan.

M.U.: Sare sozialetan, beste kirolari batzuen ibilbidea jarraitzeak ere asko laguntzen dit. ValentÌ Sanjuan eta Alex Roca dira gehien jarraitzen ditudanak. Alex Roca garun-paralisia duen korrikalaria da, eta haren kirol ibilbidearen berri izateak indarra ematen dit, nik ere motibazioa mantentzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!