Kaletxikin, txikikeria gutxi

Aiurri 2026ko ekainaren 14a

Uztailak 3, ostirala. Gorde eguna, agendan, ez baita nolanahiko gaualdia izango Kaletxikin. Jaiei indartsu ekingo diete, sona handiko bi talderen agerpenarekin. Izan ere, Joselu Anaiak eta Gozategi igoko dira, gau berean, oholtza gainera.

Andoaingo festazaleak San Juan jaiei begira dauden bitartean, auzoetako Jai Batzordeak udako egitaraua osatzen ari dira. Izan ere, udan, ospakizunak bata bestearen atzetik kateatzen dira: Kaletxiki, Karrika, Etxeberrieta, Goiburu, Buruntza eta Sorabilla, hurrenez hurren. Sanjuanen ostean lehenak Kaletxikikoak dira eta, aurten, uztaileko lehen asteburuan izango dira. Tourrarekin batera abiatuko dira, hitz gutxitan. Eta, akaso, Tourrak duen itzal beretsua bereganatu nahian edo, lehen mailako bi euskal talde ariko dira uztailaren 3an: Joselu Anaiak eta Gozategi, hain zuzen. Ziur, Andoaindik haragoko festazaleei arreta piztuko diela Kaletxikiko jaien lehen gaualdiak. Jende asko espero dutela eta, jatekoa ere ziurtatu nahi dute: Perurena Burger etxeko bi furgoneta hurbilduko dira auzora, festazaleen gosea berdintzeko prest. Eguraldiak lagunduz gero, gogogangarria izango da.

Ez da antolatzaileek burutan duten ideia berritzaile bakarra. Larunbatean, esaterako, haur eta gaztetxoei begira, haur parke berezia antolatu nahi diete: uda izanik, eta eguraldia lagun izanez gero, urak garrantzi handia izango du haur parkean. Gogotik bustiko direla, alegia.

Xehetasun gehiago emango ditu Aiurrik, jaiak hurbildu ahala. Gogoan izan aurten ez direla ekaineko azken asteburuan izango, uztaileko lehenean baizik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!