"Emateaz gain, ikaragarria da bueltan jasotzen duguna"

Lide Ruiz Telleria 2026ko ekainaren 23a

Oliva Caballero eta Aroa Ferreiro, Dyako boluntarioak.

DYAko boluntarioek martxan jarri dituzte GazteDYA udako jardunaldi irekiak. Jardunaldien xehetasunak azaldu eta boluntariotzaren garrantziaz hitz egin dute Oliva Caballero eta Aroa Ferreiro DYAko bolondresek: 

GazteDYA kanpainan murgilduta zaudete buru-belarri. Zertan datza, zehazki, kanpainak?

Aroa Ferreiro: Izenak adierazten duen moduan, gazteengana gerturatzeko modua da. Programaren helburua 15-18 urte bitarteko gazteek DYAk egiten duena ezagutzea da. Jende askok DYA anbulantziarekin lotzen du soilik, baina askoz ere gehiago da. Programaren bitartez gauza asko ikusiko dituzte, gizarte zerbitzua, erreskate-praktikak, formakuntza atalak… Funtsean, DYA bere orokortasunean ikusiko dute. Astebete izango dute horretarako, udaleku batzuk izango balira bezala.

Oliva Caballero: Aurten eredu desberdin bat dugu. Orain arte, Usurbilen izan da, DYAko egoitzan. Aurten, berriz, herrietan egingo dugu, Hernani, Tolosan… Jendearengana gehiago hurbiltzeko. Ikusiko dugu ea zer moduz ateratzen den.

Zer egin behar dute interesa izan dezaketen gazteek?

A.F.: Dei batekin nahikoa dela esango nieke, 943 464622 telefonora deituta, martxan jartzen da prozesua. Bestela, posta elektronikoz mezu bat bidaltzeko aukera dute aisialdia@dyagipuzkoa helbidera. Programa doakoa da, fidantza bat ordaindu behar da plaza gordetzeko, baina amaieran jarritako dirua itzuliko zaie. Ez dauka inongo zailtasunik.

O.C.: Oso ondo joaten da. Haien artean oso ondo moldatzen dira, eta oso esperientzia polita izaten da.

A.F.: Bai, eta horrelako formakuntzetatik DYAko boluntario asko ateratzen dira. Ni monitorea izan nintzen, eta oso esperientzia ona izan da.

Ikastaroak kutsu praktikoa du. Zehaztuko al duzue hori?

A.F.: Bai, aurten bereziki. Gazteek eduki teorikoak eman beharrean, praktikak egiten ikastea nahi dugu. Aukera izango dute larrialdi zerbitzu baten koordinazioa ikusteko, lehen sorospenen atalean bihotz birika bizkortzea ikasiko dute… Hau da, ez dute azalpen teorikoa jasoko, eta gero haiek haien kabuz praktikan jarriko; momentuan bertan egiten ikasiko dute. Horrek interes handia sortzen du, azalpen teoriko batek sortzen ez duena. Formakuntzetan beti egin dituzte praktikak, baina aurten lehen aldiz, apustu handiagoa egingo da praktiken alde.

O.C.: Bai, gazteei anbulantzia batean sartzea eta barruan dagoen gauza bakoitza ikustea eta ukitzea asko gustatzen zaie. Gizarte zerbitzuen kasuan, aulkiekin ibiltzea eta haiekin ibiltzea oso interesgarria izaten da. Egia esan, animatu egiten dira.

A.F.: Azkenean, azalpen teorikoa edonon jaso dezakete. Gainera, ikastolatik datoz, azterketak bukatzetik, eta ez dugu teoriaren bidez irakatsi nahi. Hain zuzen ere, egoera desberdinak ikustea, haietan ekitea eta materialak ukitzea nahi dugu.

Zer da zuentzat boluntariotza? Zergatik da garrantzitsua?

A.F.: Nire ustez, boluntariotzak bi atal ditu. Lehena da gizarteari ekarpen positiboa egiteko aukera ematen duela; enpatia garatzeko eta laguntza behar duen jendea laguntzeko aukera. Bigarrena, horrek ematen duen asetasun pertsonala da. Esango nuke orokorrean gizarteari ekarpena egiteak ondo sentiarazten gaituela. Gutako asko DYAn hazi gara, eta gaur egun, garenak gara DYAk eskaini dizkigun aukera askori esker. Boluntariotza harreman bat da, gizartearekin, pertsonala izan beharrean. Emateaz gain, ikaragarria da bueltan jasotzen duguna

O.C.: Bai, nik beti errepikatzen dut boluntariotzan irmoki sinesten dudala. Gizarte honetan gauza asko antolatzen dira boluntariotzari esker, hori galduko bagenu gauza asko ez lirateke aurrera aterako, adibidez, Babes Zibila, Gurutze Gorria… Jende asko dago boluntariotzan murgilduta. Nire kasuan, duela 11-12 urte inguru hasi nintzen; urte horietan konturatu naiz ematera zoazen arren, izugarria dela jasotzen duzuna.

A.F.: Bai, gizarte laguntzek, bai ekonomikoek, bai pertsonalek, ez dute ahalmena guztira iristeko. Goizez eta arratsaldez, Gipuzkoako herri askotan DYAko gizarte zerbitzuetako ibilgailu asko ikusten ditugu, izan ere, ez dago nahikoa baliabiderik, eta boluntarioak izaten gara hutsune hori betetzen dugunak. Bestela, gure gizartea deseraikiko litzateke, neurri batean, arreta gugan sostengatzen baita. Oso kontziente gara dirua jartzen duten kolaboratzailerik gabe, egiten duguna ezingo litzateela aurrera atera. Hortaz, eskerrak eman nahi dizkiegu ekarpena egiten duten guztiei. DYAn parte hartzen duten boluntariorik gabe, ez ginateke ezer izango, haiek dira guztiaren oinarria.

Zer ikasiko dute egonaldi edo ikastaro horietan?

A.F.: Denetarik ikasiko dute. Lehen esan dudan bezala, larrialdi zerbitzuak nola koordinatzen diren ikasiko dute, praktikan jarriko dituzte erreskate taldea, enpatia ariketak eta zaintza zerbitzuen kudeaketa nola egin, besteak beste. Formakuntza atalean, bihotz birika bizkortzea ikasiko dute, oinarrizkoena dena, eta horrez gain, desfibriladorea nola erabiltzen den. Orokorrean, denetarik ikasiko dute, gure alor guztietan: erreskatea, formakuntza, larrialdiak, gizarte zaintza eta prebentiboa, bost atal horietan dauden atal guztiak.

O.C.: Aurten ere, aukera emango diegu simulakro batean parte hartzeko.

A.F.: Bai, praktikak egin ondoren, uztaileko asteburu batean simulakro handi bat egingo dugu, boluntarioek antolatutakoa, eta beraiek parte hartzeko aukera izango dute ikasitakoa praktikan jarri ahal izateko. Zentzu horretan, aukera ematen diegu alor guztiak ezagutzeko, eta beraiek ere, gustatzen zaiena identifikatzeko. Batzuetan, alor bat gustatzen zaiela uste dute, eta gero azkenean, beste gauza batzuk nahiago dituzte. Gure asmoa, behintzat, haiek denetarik ikastea da.

O.C.: Bai, astebeteko formakuntza izango da, eta oso ondo antolatuta dago. Ezer ez galtzeko, eta jorratzen ditugun alor guztiak ikusteko.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 695 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!