Zalantzati agertu da Udal gobernu taldea, Gipuzkoako Foru Aldundiak argitara eman duen irudi-sorta eta azalpenekin. Zalantzan jarri baitu zabaldutako irudi osagarrien balioa, egitasmoak oraindik lizitatu gabe daudelako: “baloratzen dugu Aldundiak, azkenik, aitortu izana Andoaingo N-1aren arazoak ez direla soilik Lazoarekin konpontzen. Funtsezkoa falta da oraindik: jarduketa definituak, gauzatze-egutegia, finantzaketa bermatua, konpromiso zehatzak eta inpaktua jasoko duen proiektu integral bat. Gaur-gaurkoz, idatzita dagoen proiektu bakarra Lazoarena da. Mimendiko estaldura eta ikastolako bihurgunea, idazteko daude oraindik, eta ez dute ez kronogramarik ez plangintza zehatzik, noiz gauzatuko diren eta nola finantzatuko diren”.
Andoaingo Udalak, ikasturte honetan, egindakoa defendatu du. Esaterako, ikasturtearen hasieran abiarazi zuten partaidetzazko prozesua: “Udalak sustatutako sozializazio prozesu zabal baten ondoren, ia 3000 andoaindarrek parte hartu zuen. Andoaingo herritarrek modu argian adierazi zuten N-1aren etorkizunari buruz duten jarrera. Emaitza argia izan zen: parte-hartzaileen %93,7 Lazo proiektuaren aurka agertu zen, eta auzia modu orokorrago batean lantzen zuten alternatiben alde egin zuen”. Garai beretsuan Udalean Errespetatu Andoain plataformaren mozioa onartu zela gogorarazi dute.
“Andoaingo Udalak bere herritarren aurrean leialtasunez jokatu du, herritarrek adierazitako borondatea defendatuz eta Aldundiari helaraziz, eta harekin elkarrizketa-guneak irekiz"
Gauzak horrela, Udal gobernuaren hitzetan, “Udalak bere herritarren aurrean leialtasunez jokatu du, herritarrek adierazitako borondatea defendatuz eta Aldundiari helaraziz, eta harekin elkarrizketa-guneak irekiz. Horregatik, Aldundiari eskatzen diogu Andoaingo herritarrak kontuan har ditzala. Eta, bestetik, aurkez dezala proposamen integral, argi eta gauzagarri bat”.