Bilera horretan Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu Felix Urkolak eta departamenduko arduradunek parte hartuko dute, eta esku-hartzeen irismena, bakoitzaren egoera eta horiek gauzatzeko aurreikusitako hurrengo urratsak ezagutaraziko dituzte.
Urkola foru diputatuak ohar bidez azpimarratu duenez, saio honek foru erakundeak “orain arte egindako lanaren berri gardentasun osoz emateko, hartutako erabakiak eta jarduera bakoitzaren izateko arrazoia azaltzeko eta Andoainerako aurreikusitako hobekuntza planaren xehetasunak herritarrekin partekatzeko” duen borondateari erantzuten dio. Ildo horretan, azpimarratu du bilerak zalantzak argitzeko, galderei erantzuteko eta bizilagunen ekarpenak jasotzeko ere balioko duela, proiektuak osatu ahal izateko.